Irungo EH Bilduren balorazioa ekainaren 30.aren inguruan

fotoIrungo EH Bildu.- Beste urte batez, Irungo herriko jaietako egun handian emakumeak berdintasunean parte hartzeko eskubidea aldarrikatu eta bete izan ahal dute. EH Bildu-k, alardean parte hartu zuten pertsona eta alardea jarraitzen egondako pertsona guztiak zoriondu nahi ditu.

Hala ere, eguna normaltasunean igaro dela, komunikabide batzuk adierazi duten bezala, esatea ulertezina da. Lehenik eta behin, Irungo alkateak emakumea berdintasunean parte hartzea ahalbideratzen duen alardeari ongi etorria ez egitea salagarria da, hare eta gehiago, emakumearen parte hartzea berdintasunean ukatzen duen alardeari balkoitik harrera egin ondoren.

Bigarrenik, kale nagusian arratsaldean gertatutakoa ere salatu nahiko genuke. Beste urte batez arratsaldean emakumea diskriminatzen ez duen alardea kale nagusian behera zijoanean espaloietan zeuden pertsonek alardeko kideak iraindu, mota ezberdinetako gauzak jaurti eta tentsio uneak sortu zituzten. Honen aurrean, alarde parekidea babestera etorri omen ziren Ertzaintzaren eta Irungo udaltzainen lana eta jarrera salatzeko modukoa izan da, babestera zetozen pertsonen aurka egin bait zuten. 

Guzti hau onartezina da. Irungo EH Bilduk gatazka hau konponbidean jartzeko borondate guztia dauka eta deia luzatzen diogu udal gobernuari bide honetan urratsak emateko ausardi ager dezan, hau berriro gerta ez dadin. Gure helburua herritar guztiak berdintasunean hartuko dituen alarde bakarra da.

Etiquetas: