ELDH Europako Abokatu Elkarteak deklarazioa euskal presoen inguruan

fotobehatokia.info-. behatokia.info-. ELDH Europako Abokatu Elkarteak, mozio bat publiko egin berri du, Estrasburgoko epaitegiak Ines del Rio auzian Parot Doktrina Europako Giza Eskubide Hitzarmenaren aurkakoa zela erabaki zuen urtemugan.

Publikatu berri duen mozioan, zeina nazioarteko zirkulu juridikotan banatzen ari den, giza eskubideen bortxaketa ezberdinak jasotzen dituzten azkeneko nazioarteko txostenak biltzen dira, hala nola CPT Europako Kontseiluko azkeneko bisitaren ondorio txostena, Amnesty International, Estrasburgoko auzitegiko aurreko beste erabaki batzuk, edota Nazio Batuetako Giza Eskubide Komitearen ebazpena, non Espainia kondenatzen den Maria Atxabalek pairatutako torturengatik atxiloketa inkomunikatua iraun zuen bitartean.

Horrela, eta ebazpen hauek aipatu ondoren, ELDH-k honakoa betetzea eskatzen du:

  • atxiloketa inkomunikatuak bertan behera gelditzea eta atxilotu guztiek beraien konfidantzazko abokatuarekin modu pribatuan biltzeko eskubidea errespetatu dadila, poliziaren presentziarik gabe; konfidantzazko mediku baten bisita izateko eskubidea, eta atxiloketak dirauen bitartean grabatua izatea uneoro bai soinu bai imajinarekin, modu pribatuan mediku edo abokatuarekin dagoen denbora tartea ezik.
     
  • tortura salaketak behar bezalako eta berehalako ikerketa izan dezatela, Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko 3. artikuluak horrela aginduta
     
  • euskal presoan aurkako dispertsio politika bukatu dadila, eta presoek duten etxetik gertu egoteko eskubidea errespetatua izan dadila
     
  • Auzitegi Goreneko 197/2006 doktrinarengatik kartzelan dauden preso guztien berehalako askatasuna, Europako Hitzarmeneko 7. artikulua jarraituz
     
  • gaixotasun larriak dituzten presoen berehalako askatasuna
     
  • beraien lan politikoarengatik jazartuak izan diren horien aurkako epaiketa guztiak bertan behera gelditu daitezela, Arnaldo Otegiren kasuan bezala, zeinak euskal gatazkan paper garrantzitsua joka zezakeen

Horrela, eta Europako Auzitegiak bere ebazpena argitaratu zuen bere urtemuga honetan, Europako elkarte honek euskal presoen eskubideen aurkako neurriak salatu nahi izan dituzte, bertan behera gelditu daitezela aldarrikatuz. 

Mozioa ikusteko: http://www.eldh.eu/fileadmin/user_upload/ejdm/publications/2013/ehld_basqueprisoners_07_2013.pdf

Euskal Herrian, 2013.ko Uztailaren 9an 

Etiquetas: