Irungo Bildu, Udal eraikin publikoei izena jartzeko proposamena

fotoDuela aste batzuk San Juan plazako liburutegiaren izendapen prozesuan Irungo Alkateak, Jose Antonio Santano jaunak, Carlos Blanco Aguinaga izena proposatu zuen. 

Proposamen horrek, egindako modu eta erabilitako bideengatik batipat, zer esan eta erreakzio ugari sortu ditu. Alkateak proposamena egin eta egun gutxitara oposizioko talde guztien kritikak jaso zituen. Iraileko Osoko Bilkuran galdera zuzena egin zitzaion eta azken egunetan Irungo Hiritar Foroaren eta beste hainbat eragileren iritziak ezagutu ditugu.

Irungo BILDU  Udal taldetik honakoa adierazi nahi dugu:

San Juan Plazako liburutegiak Carlos Blanco Aguinaga jaunaren izena eramatearen aurkako arrazoirik ez dugu. Irundarron artean oso ezaguna ez bada ere, bere bizitza eta bere lana oparoa da eta holako errekonozimendua jasotzeko meritu nahikoa duela ulertzen dugu. Gainera, bera eta bere familia Irundik urruntzearen arrazoiak gure hiriko historiarekin  lotura zuzena dute eta honek, gure artean hain ezaguna ez izatea argitzeaz gain, izendapena indartu egiten du gure ustetan.

Alkateak izena proposatzeko erabilitako modu eta bide eskasak sortu duen nahasmenak eta  era berean honek Carlos Blanco Aguinagaren izenari ekarri dion kalteak kezkatu egiten gaitu. Gogoratu nahi dugu hau ez dela holakorik gertatzen den  lehenengo aldia.

Gure ustetan liburutegi honen izendapenari konponbidea aurkitu behar zaio baina bide batez, berriz horrelako kasu baten aurrean ez aurkitzeko bideak ere jarri behar ditugu. 

Zentzu horretan gure proposamena honakoa da:

  • Honelako eraikin publiko edo antzeko tokiak izendatzeko “prozedura ezari” amaiera jarri behar zaio.
     
  • Aldebakartasunez aritu, kontsentsua alde batera utzi eta proposamenak egiteko aukerak murrizten dituen “moduekin” bukatu behar da.
     
  • Irungo kaleak izendatzeko batzorde bat badago. Bertan kaleei izenak emateko prozedura finkatua dago eta gure ustetan baldintza eta berme nahikoak eskaintzen dira. Eraikin publiko eta antzeko tokien izenak bertan erabakitzea proposatzen dugu, batzorde honi horretarako beharrezkoak diren eskumenak emanez.

Esan bezala, zentzu honetan, berriz ere honelako egoera eskas batetan ez aurkitzeko urratsak eman eta bermeak jarriko balira, gure taldearen jarrera eraikitzailea izango da eta liburutegiaren izendapenari dagokionean konponbidea laguntzeko prest ginateke.

Etiquetas: