Martxoak 21: Arrazakeria Eta Xenofobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna

Cartlel

Irungo Bildu.- Martxoak 21, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna ospatzen da. Egun honetan Euskal Herrian eta mundu osoan xenofobia, gertakari arrazistak eta horien iturburuak salatzen dira.
Gipuzkoako herri administrazioen iritziz, Gipuzkoako eta Euskal Herriko kultura eta jatorri aniztasuna gure jendartearen ezaugarri aberasgarrienetariko bat da.
 
Euskal Herria ezin da ulertu aniztasun hori aintzat hartu gabe eta urteetan zehar beste herri eta nazioetan jatorria duten euskal herritarrek gure herria eraikitzeko beraien eguneroko lanaz, ahaleginaz eta sakrifizioaz egindako ekarpenak kontuan hartu gabe.
 
Aniztasun hori dela eta edozein herritar diskriminatzeko saiakerek edo herritar horien eskubideak urratzeko edozein jarrera arrazistak beti izango dituzte aurrean gure erantzun eta salaketa irmoak.
Horregatik, gure ardura publikotik, bat egiten dugu eragile sozial eta sindikal askok egiten duten irakurketarekin, hau da, arrazakeria instituzionala dela gaur egun Europan gertatzen den arrazakeria eta xenofobia adibiderik nabarmenena eta argiena.
 
Arrazakeria instituzional horren babesik nagusiena gaur egungo atzerritartasun politikak eta legeak dira. Lege horiek Estatu Espainolak zein Frantsesak erabakitzen dituzte aldebakartasunez eta, sen politikoaren eta onaren kontra, gure herritarrak “atzerritar” eta “nazionalen” artean sailkatzen dituzte. Gainera, bakoitzaren eskubideak sailkapen horren arabera definitzen dituzte. Hau da, lege horien bidez erabakitzen da nori aitortu, eta zein baldintzarekin, bizileku, herritartasun eta naziotasun eskubideak, eta eskubide horiek ekartzen duten guztia.
 
Gaur egun, gure herriari ukatu egiten zaizkio horrelako erabakiak hartzeko ahalmena eta eskubidea. Ondorioz, Europatik eta Europa kanpotik etorritako pertsona asko prekarietate eta ahultasun egoeran daude. Izan ere, herri honek ez dauka tresna politikorik euskal jendartean berdintasunez parte har dezaten, eta bertako erakundeok ere zailtasunak ditugu gure herritar guztiei aukera berdintasuna bermatzeko. Beraz, lege horiek, Euskal Herrian bizi diren pertsona migratzaile, errefuxiatu eta asilodunen eskubideen kontrakoak izateaz gain, bertako herritarrak nortzuk garen erabakitzeko eskubidea urratzen digute Euskal Herrian bizi garenoi, edozein dela ere gure jatorria.
 
Hori guztia kontuan harturik, Irungo EHBildutik adierazpen hau egin nahi dugu:
 
  1. Arrazakeriaren eta xenofobiaren kontra lan egiten jarraitzeko eta herritar guztiei aukera berdintasuna zein ezberdintasun eskubidea bermatzeko konpromisoa berretsi nahi dugu.
     
  2. Gure udalerria zein Euskal Herria eraikitzen jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu, eta hori herritar guztiekin batera egingo dugu, edozein dela ere beren jatorria edo jaioterria, nor bere jatorriaren kalterik gabe, eta babesten, genero aukera beti gogoan izanez, aitortzen eta gure eskubide guztiak behar adina bermatzen, nola politikoak eta zibilak, hala babes eta aterpe eskubideak, eskubide ekonomiko eta sozialak, kultur eskubideak eta hizkuntz eskubideak.
     
  3. Irunen, EH Bilduk lanean jarraitu du gure herriko eta Euskal Herriko jatorri eta kultura aniztasuna balore positibo gisa onartua izan eta jendarte kohesio elementu bilaka dadin, bizikidetza bultzatzeko eta errazteko elkarren aitortzan eta errespetuan oinarritutako politikak sustatuta, gipuzkoar bakar batek ere bere nortasunari uko egin behar ez diezaion eskubide osoko herritarra izateko.
     
  4. Gure determinazioari eutsiko diogu, alde batetik, aldarrikatzeko eta gauzatzeko gure jatorri, aniztasun, migrazio eta naziotasun politika propioak Euskal Herrian bizi garen guztion artean, edozein dela gure jatorria, nola kudeatu nahi ditugun erabakitzeko eta definitzeko dugun eskubidea eta, bestetik, Estatu Espainolari zein Frantsesari eskatzeko herri gisa hartutako erabakiak, arlo honetan ere, errespeta ditzaten.
     
  5. Bukatzeko, Irungo herriari deia luzatzen diogu, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela medio eta, aniztasunetik ere, herri gisa erabakitzeko eskubidearen alde antolatutako mobilizazioetan parte hartzera, eta bereziki animatu nahi ditugu, gure herritik, FICOBA-tik larunbata 23  arratsaldeko 5:00etan abiatuko den manifestazioan parte hartzera.

Etiquetas: