Jaiak Herrian, herriarentzat eta ez Ficoban!!!

logoIrungo Ernairen irakurketa Jai Gunea Ficobara eramatearen inguruan: 

Gauza jakina da Irundarren artean, aurten jaiak Ficoban izango direla. Bai, bai, Ficoban. Jaik poligono batean ospatuko dira aurten. Zergatik baina? Segurtasun arazoa izango al da udal gobernuak dioen bezala? Interes ekonomikoa agian? Edo soziala? Gure ustez azken biek dute garrantzia erabakia hartzerako garaian. Ekonomikoa alde batetik, Ficoba dirua xurgatzen duen zulo bat delako eta edozer egin beharra dutelako zulo hori geroz eta handiagoa izan ez dadin. Eta bestetik soziala. Aurten hartu badute ere erabakia, nahia aspaldikoa da. Urdanibia plaza zein bere ingurua, heriotzera eraman nahi dute eta argi geratzen da hori plazaren inguruan hartzen dituzten erabaki ororekin. 

Erabakia hartua dago, aldebakartasunezko erabakia. Parte hartzea Jose Antonio Santanoren ahotik askotan entzun dugun zerbait da, praktikara inoiz iristen ez dena, eta jarrera aldatu ezean inoiz iritsiko ez dena. 

Horren harira,  tabernari zein elkarte desberdinek bilera eskatu dute apirilaren 7rako, helburua jaiak plazan mantentzea izango delarik. Gure aldetik babes osoa beraiei eta udalari zera exijitzen diogu: Bilera horretara entzutera joan dadila eta arazoa konpondu dezala konpondu daitekeen modu bakarrean. Hau da, herritarren iritzia entzun eta jai gunea herrian mantendu dezala. Nahi bada egin daiteke. 

Bestalde, gure ustetan jaiak herriak antolatzen ez dituenaren seinale garbia da erabaki hau. Momentuko udalaren esku geratzen da herriko jai nagusien kudeaketa guztia. Alde horretatik, guk jaiak herritik eta herriarentzat egin behar direla uste dugu eta aurten jai gunea Ficobara eraman edo ez, guk jaiak herrian ospatuko ditugu. Eta hala izan dadin lanean jarraituko dugu, jai herrikoiak baitira gure apostua. 

Azkenik, dei egiten diogu Irungo gazteriari jai gunea herrian mantentzeko egiten ari diren ekintza desberdinetan parte hartzera. Gazteok ere guzti honetan zer esana badugulako!!

Etiquetas: