Kataluiniaren aldeko mobilizazioa

IMG_1268Kataluiniaren aldeko herritar taldeak deituta atzoko mobilizazioan ehun lagunetik gertu bildu ginen, atxikirik testua eta argazkia.

Kataluniako herriari elkartasuna adierazteko Irungo herritar taldea.- Azken urte hauetan Kataluniar gizarteko herri mugimenduek partaidetza handiak erakutsi dituzte, eta honek bide eman dio igande honetan, azaroak 9, katalanek beraien erabakitzeko eskubidea gauzatzera deituak egotera.

Zentzuzkoa da gizarte katalanak bere marko politikoaren birplanteamenduan modu aktiboan parte-hartzeko aukera izatea, hots, katalanek partaidetza tresna ezberdinen bitartez erabaki dezatela zein izan behar duen Kataluniaren subiranotasun maila espainiar estatuarekiko, independentzia barne. Haatik, zentzu demokratiko gabezia azalduz estatu espainiarrak bere makineria poliziala, judiziala eta mediatikoa martxan jarri ditu herri katalanak bere etorkizuna erabaki ahal dezala saihesteko.

Gaur, modu batez, katalanak sentitzen gara. Euskal Herriak, erabakitzeko eskubideari dagokionez, luzaroan jasan duen ostrazismo bera pairatzen duenarenganako enpatiarengatik. Katalanek beren erabakitzeko eskubidea gauzatzen badute, ez du soilik herri katalanak irabaziko, guk ere irabaziko dugu, baita demokraziak ere noski.

Zilegizko subiranotasun ariketen bitartez gizarteak boterea bereganatzeak berdintasunean eta aniztasunean oinarritutako gizarte eredu berri bat eraikitzea baimenduko luke globalizazioari aurre egiteko, non herrialde txikiek gure etorkizuna bermatu genezakeen.

IMG_1273Nabaria da gizarte zibilaren mobilizazio mailarengatik politikari katalanak kontsultarekin konpromisoa hartzera behartuak ikusi direla, eta ez zaiela herriaren aldarrikapenak hautestontzietara eramatea besterik geratu. Hau izan da kataluniar prozesuaren ahalera; pertsona antolatuak eta mobilizatuak. Euskal Herrian jarraitu beharreko bidearen adibide.

Gizarte katalanaren aldarrikapen demokratikoa gurea egiten dugu.

Etiquetas: