Bidasoaldeko lagunak Plaiaundiko kirol instalazioak Arbesen kokatzeko mahai gainean jarri den aukera aintzat hartzea eskatzen du

_4___5___ Bidasoaldeko Lagunak.- Berriki , aspaldidanik konpondu gabe dagoen arazo larri bati irteera azkarra eskainiko liokeen proposamen baten berri izan dugu, Plaiaundiko Parke Ekologikoaren bihotzean kokatutako kirol instalazioak Arbesko lursailean eraikitzearena hain zuzen ere. Berkokapen biderazezinak eta bete gabeko konpromezuak ezaugarri izan dituzten bi hamarkada luzeetan Plaiaundiko kirol instalazioen berkokapena geldi egon ondoren, eta berriro ere, eragozpenez betetako eta soilik epe oso luzera uler daitekeen Zubietako aukera bakarra bezala agertzen ari zenean, itxaropenez jaso dugu Arbesko aukera hori aurreratzea eta zehaztea.

Aukera berri horren proposamenak LKS eta HFA enpresetako tekniko kualifikatuen bermea izanik eta instalazio berriek oraingoen parekoak izateaz gain, hobekuntza garrantzitsuak izango lituzketela jakinda, gure ustez, proposamenak gai honek azken hamarkadetan ezagutu duen geldiketa politikoarekin bukatzeko balio beharko luke, behin betikoz arazoaren konponketa denboran luzatu baino lortu ez duten eztabaida antzuak atzean utziz.

Plaiaundiko kirol instalazioak Arbesen berkokatzeak, instalazioen berezko hobekuntza fisikoez gain, lursailaren jabea Irungo Udala izatea (kostu ekonomikoa txikiagoa izango litzateke) eta hirigunetik hurbil egotea ditu bere alde, izan ere, jadanik urbanizatuta dagoen eremu batean eraikitzeak, irisgarritasuna modu nabarmenean hobetuko baitluke eta mugikortasun eredu iraunkorragoak bultzatzea ahalbidetuko baitluke.

Txingudiko eremu babestuen ingurumen lehengoratzeari bultzada berri baten lehenengo emaitzen aurrean gaude? Txingudiko babespenean eta lehengoratzean zerikusirik duten administrazio desberdinen arteko koordinazioaren ondorioak dira proposamen eta egitasmo horiek guztiak? Guk baietz, horrela dela, pentsatu nahi dugu eta gainera, uste dugu, Plaiaundiko kirol instalazioen gai korapilotsua konponduz, gure hezeguneak biodibertsitatearen kontserbazioan egin dezakeen aportazio garrantzitsua modu eraginkorragoan egin ahal izateko beharrezkoak diren gainontzeko erronkak azkarrago eta errazago burutu ahal izango direla.

Bidasoaldeko Lagunen aldetik, laguntzeko gure borondatea berretsi nahi dugu, denon artean, Txingudiko Plan Berezitik Natura 2000 Sareraino aurreikusitako Txingudiko babespena eta lehengoratzea azken muturreraino eramateko eta ingurune paregabe horren habitat eta espezien biziraupena bermatuko dituzten kudeaketa neurriak adosteko eta onartzeko. Zentzu horretan, Irungo alkateak proposatu zuen moduan, prest gaude talde ekologista-kontserbazionista modura administrazioen arteko mahaian parte hartzeko, bertan gure alea eskaintzeko Txingudiren babespena eta lehengoratzea behin betikoz lortzeko.

Bidasotarrak garen heinean, arro sentitu beharko ginateke gure inguruko alderdirik aberatsenetarikoa eta baliotsuenetarikoa ondoan izateagatik. Erabat lehengoratzea eta errespetuz disfrutatzea planetako zati txiki honekiko gure maitasuna adierazteko modurik egokiena izango litzateke, gure ustez.

Etiquetas: