Alardean emakumeen partehartzearen inguruan sortutako auzia bideratzeko Hondarribiko EH Bilduren mozio aurkezpena

argazkiaHondarribiko EH Bildu. - Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak, Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren eta Prospekzio Soziologikoaren Kabinetearen bitartez, Hondarribiko herritarrek alardearen gainean zituzten jarrerei buruzko azterlana argitaratu zuen aurtengo ekainaren hasieran. Azterlan honetan bereziki bi datu nabarmentzen ziren: Alde batetik,  alardea dagoen-dagoenean uztearen aldekoen kopurua eta modu batean edo bestean emakumeen partehartzea babesten zutenaren kopurua parekatuta zeudela; eta beste aldetik eta azterlanaren egileek garrantzitsuenatzat jotzen zutena, Hondarribiko biztanlegoaren %72a gaur egungo egoera gainditzeko irtenbideak bilatzearen alde agertzen zela.

Datu horien eskuan hartuta, Hondarribiko EH Bilduk Aitor Kerejeta Hondarribiko alkateari eskaera egin zion arazo honi benetako irtenbidea bilatzeko berehala lanean hasi zedila eta bide horretan Hondarribiko EH Bilduren aldetik gure elkarlan eta laguntza guztia eskeini genion.

Denbora aurrera doa baina, herriko jaiak hurbiltzen ari dira, eta Alkatetzaren aldetik inongo iniziatibarik etortzen ez dela ikusita, Hondarribiko EH Bilduk mozio bat aurkeztea erabaki dugu datorren ostegunean ospatuko den Udalbatzan aztertzeko.

Mozio honetan bi eskaera zehatz egiten dizkiogu Aitor Kerejeta Alkateari:

  1. 1.- Hurrengo hilaren 8an Kale Nagusitik Jaizkibel Konpainia pasatzerakoan inolako plastiko beltz, aterki ezkutatzaile, kareta iraingarri edota irainik ez dadila egon ziurtatzea.
  2. 2.- Alarde pribatu bati, Udal horrek modu ofizial batean, harrera egiten dion bezala, Jaizkibel Konpainiari ere egitea.

Arazoari konponbide bat aurkitzeko lanean bi puntu hauek betetzea hasiera bat izan daitekela deritzogu, lehehengo puntuak herrikidetza baketsu baten alde egiten duelako eta bigarrenak Udalak herritar guztienganako berdintasunezko jarrera izango duela adierazten duelako.

Etiquetas: