HAPOaren lehenengo onarpenari aurkeztutako alegazioak azaltzeko prentsaurrekoa

fotoHondarribiko EH BIldu.- Hondarribiko EH BIldu prentsaurrekoa eskeini dugu Hirigintzako Antolamenduko Plan Orokorraren hasierako onarpenari jarri dizkiogun alegazioak azaltzeko. Alegazio hauen 10 puntutan xehatu ditugu: (amaieran, aurkeztutako alegazioa bere osotasunean lortzeko lotura aurkituko duzue)

10 ARRAZOI HIRIGINTZAKO ANTOLAMENDUKO PLAN OROKOR HONEN AURKA

Hondarribiko Udalak 2014ko maiatzaren 29an egindako Bilkuran hasierako onespena eman zion (EAJ-H1 aldeko botoekin, PSE/PSOEren abstentzioarekin eta BILDUren aurkako botoekin) Hirigintza Antolamenduaren Plan Orokorrari.

Pasa berri den irailaren 19an amaitu zen alegazioak aurkezteko epea eta Hondarribiko EH BILDUk 10 arrazoietan oinarritutako alegazio idatzia aurkeztu zuen HAPOaren aurka.

10 oinarrizko arrazoi aurrera eman asmo den HAPOaren gabeziak, bai formaz eta bai edukiz, agerian uzteko eta, ere berean, alternatiba bideragarriak proposatzeko.

  1. Proposatzen den herri eredua egungo krisira eraman gaituen bera da.

    Azken hogei urteetan gauzatutakoaren jarraipen bat besterik ez da: bizitegi-garapenean oinarritutako eredua. Herritarren beharrei erantzuten ez dien etxebizitzak eraikitzea helburu bakartzat duen eredua. Interes orokorra aintzat hartzen ez duen eta garapen iraunkorraren aurka bete betean gauzatutako eredua. Inoiz ezagutu den segregazio eta dispertsio urbanoa aurrera eraman duen porlanezko politika espekulatiboan oinarritutako ereduaren segida.

  2. Parte Hartze Programarik ez da onartu (Ekainaren 30eko 2/2006 Legeko 108 artikulua).

    2008ko uztailaren 24an Plan Orokorraren berrikuspenari hasiera formala ematea erabaki zenean, udal-erabakiarekin batera, herritarrek parte hartzeko programa finkatu beharra zegoen.

  3. Garapen eramangarriaren printzipioa ez da betetzen (2/2006 Legeko 3.3.b) eta c) artikuluak)

    Babestu egin behar dira lurzoruak dituen baliabide naturalak, bai beren balio produktiboengatik, bai erreferentzia izateagatik hirigintza-garapen eramangarrirako tokiko estrategiarentzat. Horregatik, Nekazaritza eta Basogintzaren Lurralde Plan Sektorialaren arabera, Tudeleneako lurrak “nekazal balio estrategiko handiko lurrak” direnez, babestu beharrekoak dira.

    Bestetik, lurzoruaren okupazioak ere eramangarria izan behar du. Hazkundeari ekin aurretik, lehentasuna izan behar du, besteak beste, hutsik dauden etxebizitzen erabilerak. Gune urbanoak barreiatu eta sakabanatzeko joera baztertu beharra dago eta hau guztia ez da betetzen (Basako, Montañaenea, Erribera …).

  4. Interes publikoaren printzipioa ez da errespetatzen (2/2006 Legeko 4.artikulua).

    Azterketa demografikoa, sozioekonomikoa, etxebizitza errolda, etxebizitza libreen kopurua, 2. etxebizitzen kopurua, etxebizitza hutsen kopurua, bilakaera demografikoa eta etorkizuneko joera errealak aintzat hartuko dituen hirigintza eta etxebizitza politika errealista bat beharrezkoa da eta ez dira datu guzti horiek kontuan hartzen proposamenak egiterakoan.

  5. Bereizketa soziala sustatzen du.

    Bigarren eta lehen mailako herritarren segregazioa sustatzen da, naturaltasunez. TUDELENEA eta BASAKOko etxebizitzak nori zuzenduak dauden irakurtzea besterik ez da behar hau ulertzeko.

  6. Alokairu sozialeko etxebizitzarik ez da proposatzen eta bai zentzurik ez duten etxebizitza tasatuak.

    Ekainaren 30eko Lurzoruaren eta Hirigintzaren 2/2006 Legearen 27.4 artikuluak aurreikusten duen salbuespena Hondarribiko kasuan arau egiten da, eta honek ezinezkoa egiten du alokairu sozialeko etxebizitzak sustatzeko aukera.

    Egungo abagunean etxebizitza tasatuek ez dute inolako zentzurik. Ez dute merkatu aterabiderik. Lekuz kanpo daude eta hori frogatzeko babes ofizialeko etxebizitzen finantziaziorako herritarrek dituzten arazo finantzarioak ikustea besterik ez dago.

  7. Aktibitate ekonomiko berriak ezartzeko epe motz-ertaineko alternatibak falta dira.

    Instituzio desberdinen borondateen konfluentziatik salbu eta kanpoko baldintza edo egoera ekonomiko makroen baldintzetatik libre bideratu daitezkeen aktibitate eremuak. Zubieta eta Gaintxurizketan ez bezala.

  8. Tudelenea-Kosta Gerriko Agroekologikoa Proiektua bultzatzea planteatzen dugu.

    Lehenengo sektorearen inguruko plan integrala egin beharra dago. Eta horregatik, Tudelenea-Kosta Gerriko Agroekologikoa Proiektua bultzatzea planteatzen dugu Hondarribirako alternatiba erreal eta estrategiko bezala.

  9. Hondarribiko Ondare Historiko-Arkitektoniko eta Arkeologikoaren gaia behar den seriotasunarekin ez da lantzen.

    Ondare Historiko-Arkitektoniko eta Arkeologikoari emandako tratuari dagokionez, deigarria da inolako azterketa xehaturik aurkeztu ez izana, Irunen edo Donostian egin den moduan. Nabarmena izanik, gainera, Hondarribiak arlo honetan bereziki biltzen duen aparteko ondarea.

    Ondare historiko-artistiko eta arkeologikoa zerrendatu besterik ez dela egin, tramite huts bezala eta legearekin betetzearren, baina ez da barneratu Hondarribian ondare honek duen balio estrategikoa, etorkizunerako baliabide moduan, hala izan behar lukeelarik.

  10. Proposatzen den etxebizitza kopurua ez da behar bezala justifikatu.

    Hasierako onarpena duen Hondarribiko HAPOk ez du hasierako onarpena duen 2014ko Lurralde Antolaketarako Gidalerroen modifikazioko formula erabiltzen, ezta betetzen ere. 2009 arteko datu errealak besterik ez ditu erabiltzen. Eta proposamenak dagoeneko indarrean ez dauden (2012tik) formula eta kopuruei egiten die erreferentzia (1997ko LAGak).

Beharrezkoa da Hondarribiko HAPOk bere etxebizitza-kopurua 2014ko LAGen modifikazioaren arabera (eta bere formulen arabera) justifikatzea.

ALEGAZIOA BERE OSOTASUNEAN LORTZEKO, EGIN KLIK HEMEN.

Etiquetas: