«Agerian jartzeko hipoteka-exekuzioek eta etxegabetzeek gora egiten jarraitzen dute»

Rueda prensa STOP DesahuciosKaleratzeei STOP Bidasoa.- Gaur, kalera irtetera behartuta gaude, agerian jartzeko hipoteka-exekuzioek eta etxegabetzeek gora egiten jarraitzen dutela. Espainiako estatuan, bizileku-arazo larria eta giza eskubideen urraketa etengabea da, eta gero eta larriagoa. 570.000 hipoteka-exekuzio, beren etxetik kanporatutako familia gehiegi dira, gizartetik baztertutako pertsona gehiegi; are gehiago, kontuan hartzen badugu etxebizitza-eskubidea oinarrizko eskubide bat dela.

Estatistika Institutu Nazionalak argitaratutako datuen arabera, 2014ko bigarren hiruhilekoan, 21.178 hipoteka-exekuzio jarri ziren abian; 2013ko bigarren hiruhilekoan baino % 4,2 gehiago. Etxegabetzeei dagokienez, zifrak are kezkagarriagoak dira: 18.749 etxegabetze 2014ko apirilaren 1etik ekainaren 30era arte; 2013an epealdi horretan baino % 3,7 gehiago. Zifrak izugarriak dira, baina, hala ere, ez dute errealitate osoa erakusten; izan ere, ez dituzte agerian jartzen hipoteka-exekuzioa dela-eta “beren burua etxegabetzea” erabakitzen duten familiak; kasu horietan, ez dago etxetik botatzeko agindu judizialik.

Argitaratutako datuek behin eta berriro erakusten dute zer-nolako porrota izan den Partido Popularrak onartutako 1/2013 Legea, bai eta lege horren harira adabaki gisa ezarritako gainerako neurriak ere. Neurri horiek irizpide murriztaileak dituzte, eragindako pertsona gehienak kanpoan uzten gaituztenak eta bankuen interesak babesten dituztenak.

Kaleratzeei STOP Desahucios Bidasoako kideok bat egiten dugu Hipotekek Eragindakoen Plataformaren aldarrikapenekin, eta ezbairik gabe salatzen dugu PPren eta PSOEren artean finantza-erakundeen alde egindako akordio makurra; finantza-erakundeek, oraindik ere, oinarrizko eskubideak urratzen dituen hipoteka-araudi zaharkitu eta bidegabe bati eusten baitiote.

Hipotekek Eragindakoen Plataformak egiten ari diren borroka handien artean, abusuzko klausulen aurkako borrokak daude. Hipoteken kopuru handi bat abusuzko klausulaz josita dago, eta, arlo horretan, aurrerapausoak ematen ari gara; oso garrantzitsua da IRPHaren aurkako plataformak egindako lana, bai eta gizarte-mobilizazioak eta akzio judizialak ere. Besteak beste IRPHa bezalako abusuzko indizeak, abal-emaileen gehiegizko klausulak eta zoru-klausulak kendu ezean, familia asko geldi daitezke maileguak ordaindu ezinik eta horren ondorioak pairatzera behartuta.

Geure burua bakarka defendatzera behartzen gaituzte, eta ez dute aplikatzen kontsumitzailea babesten duen legea, Europa osorako berbera dena. Ez dago abusuzko klausularik gabeko hipoteka-kontraturik. Ez dago bankurik klausula horiek aplikatu ez dituenik eta gaur egun aplikatzen ez dituenik.

concen29032013_101

Hainbat urtez pairatu ditugu etengabeko tratu txar finantzarioak; horrek, ordea, baditu zuzeneko erantzule batzuk, eta erantzule horiek justiziaren esku utzi nahi ditugu. Baina justiziak berak abandonatu egin gaitu. Aski da! Ez dugu abusu gehiago onartuko!

Stop Desahucios elkarteko abokatu-taldeak urteak daramatza eragindako pertsonen alde lanean. Kasuetako batzuk Europako auzitegietara iritsi eta arrazoia eman digute, eta Espainia eta haren ondoz ondoko gobernuak men egitera behartu dituzte, eta orain hasi gara ikusten argia Espainian eta Euskadin etxebizitza-eskubidea zeharkatzen ari den denboraren tunel honetan. Orain esnatu gara eta jarri diegu izena gure gaitzei eta gaitz horiek eragiten dituztenei; hau da, bankuei eta bankariei.

Eta beren trebetasunik ezarekin krisi honetan sartu gaituzten politikariei ere izena jarri diegu. Guk egindako herritarren lege-ekimena ere lapurtu digute, eta haiek aurkeztu dute, baina berandu eta gaizki. Politikari horiek alderdi guztietakoak dira: gaur egun ere, ez dakite zer gertatzen ari den hipotekek eragindako milaka pertsonarekin, eta, horrenbestez, ez dira gauza Estatu osoko milioika pertsonaren bizileku-arazoa konpontzeko.

2015erako aurreikuspenak

Horretaz gainera, kontuan hartu behar da 2015eko maiatzean De Guindos dekretua amaituko dela. Nahiz eta etxegabetze-arriskuan dauden pertsona gehienak ez babestu, dekretu horrek bankuen jarduna geldiarazi du, arinki bada ere. Hori dela eta, uste dugu beste etxegabetze- eta exekuzio-bolada bat gerta daitekeela. Horrenbestez, hipoteka ordaintzeko zailtasunik izanez gero, hobe da plataformetara gerturatzea eta ez itxarotea hipoteka-exekuzioa azken fasean egon arte; beti egin dezakegu borroka, baina denbora faktore garrantzitsua da.

Krisiak bere horretan jarraitzen badu —eta hala dirudi—, zer gertatuko da langabezia-laguntzak amaitzen direnean eta eragindako familiei erretirodunek ematen dieten laguntza aski ez denean?

“Ez gelditu etxean, agian lapurtu egingo dizute eta. Egingo al dugu borroka, bat eginik?” Auzi honek denoi eragiten digu.

Gaur egun Bidasoaldean bizi dugun errealitatea konplexua da. Pertsona eta familia askok, bakoitzak egoera jakin bat bizi arren, ezaugarri amankomun batzuk dituzte, honen guztiaren ondorioak pairatu behar baitituzte: enplegu-ezegonkortasuna, gaur egungo ekonomia-egoera, askotan herritarrei iruzur egiten dieten bankuei ematen zaien babesa, eta gure eskubideak bermatzeko gizarte-politiken porrota edo gabezia.

Plataforman parte hartu duten edo hartzen duten eragindako pertsonek ez dute jaso etxetik botatzeko agindu judizialik, baina familia batek baino gehiagok bere etxebizitza utzi behar izan du. Inork ez du borondatez “bere burua etxegabetzen”; denbora luze z eragiten dizkieten presioak eta ziurgabetasunak jasatea zaila da. Funtsezkoa da erakundeek gizarte-laguntza ematea eta neurri zinez eraginkorrak eta ez murriztaileak hartzea.

Badakigu, halaber, pertsona batzuk etxegabetu egin dituztela baina ez direla plataformara etorri; lotsa eta kulpabilizazioa alkandora hertsagarri bat bezalakoak dira. Horri lotuta dago ikasturte honetan zabaldu nahi dugun mezua: “Ez gelditu etxean, agian lapurtu egingo dizute eta. Egingo al dugu borroka, bat eginik?” Auzi honek denoi eragiten digu.

stopIRUNVIBada kezkatzen gaituen beste gai bat: Iruneko babes ofizialeko etxebizitzak; zehazki, Oiñaurreko babes ofizialeko etxebizitzak eta IRUNVIren funtzionamendua. Pertsona batzuek, bere garaian etxebizitza horiek esleitu zizkietenez, ordaindu beharreko sarrera ordaindu zuten, baina, hipoteka sinatzerakoan, mailegua eman zieten bankuek uko egin zioten etxebizitza eskuratzeko hipoteka emateari. Etxebizitza horiek beste erosle batzuei saldu zizkieten, eta, hortaz, sarreraren zenbatekoa itzuli egin beharko litzateke, baina, kasu horretan, NASIPA (promozio hori egin zuen enpresa eraikitzailea) hartzekodunen konkurtsoan dago. Egoera horren aurrean, IRUNVIk ez du bere gain erantzukizunik hartu, eta babes ofizialeko etxebizitzek babesgabe utzi dituzte pertsonak: etxebizitzarik gabe eta mailegu bat ordaintzen. Gure ustez, IRUNVIk du horren erantzukizuna, kaudimenik gabeko enpresa bat aukeratu baitu babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko.

Nahiz eta gogoz lan egin babes ofizialeko etxebizitzak zinez babeseko etxebizitzak izan daitezen, argi dago hori ez dela nahi dugun eredua; neurri horiek beharrezkoak dira, presazkoak baitira, baina erreformistak dira. Batetik, sartzeko baldintzak zorrotzak dira, eta kanpoan uzten dituzte etxebizitza horiek behar dituzten familia asko. Bestetik, Irunek oraindik ere etxebizitzak saltzearen alde egiten du, eta ez ditu kontuan hartzen beste aukera batzuk, hala nola alokairu soziala. Eskubideak ez zozkatzeko eskatzeko dugu; irrigarria irudituko litzaiguke osasun-arreta jasotzeko eskubidea zozkatzea, baina horixe egiten da gaur egun etxebizitza-eskubidearekin.

Kaleratzeei STOP Desahucios Bidasoaren funtzionamendua

Kaleratzeei STOP Desahucios Bidasoak hiru urteko ibilbidea egin du. Denbora horretan, aldatu egin gara, ikasi egin dugu, elkar ezagutu dugu, eta indarrak batu ditugu. Gaur egun, astero batzen gara, bi lekutan, txandaka: Hondarribiko Zuloaga Etxean eta Irungo Lakaxitan.

Bilerak dira gure jarduteko moduaren oinarria; elkargune dira, eta egiten dugun lanaren zutabe handi bat. Jarduera-ildoak (judizialak eta estrajudizialak) partekatzeko gunea dira; hor hausnartzen, ikasten eta erabakitzen dugu. Garrantzitsua iruditzen zaigu azpimarratzea gure jarduteko modua gizarte-justizian eta aldarrikapen kolektiboan oinarritzen dela. Kontua ez da egoera partikularrak konpontzea soilik; aitzitik, erabat sinetsita gaude kasu bakoitza aitzindari eta lehenengo pauso bat dela egoera

berean dauden pertsona askorentzat. Asistentzialismotik ihes egin nahi dugu, eta borroka kolektiboaren bidetik jarraitu eta aurrera egin. Horretaz gainera, oso garrantzitsua da ahalduntzen gaituzten giza harremanak sustatzea, gaur egungo ekonomia-egoerak eragiten digun errudun- eta lotsa-sentsazioak sortutako blokeotik eta sufrimendutik ateratzeko.

Berriro diogu: egoera honetara ekarri gaituzten indar politiko eta ekonomikoek sentitu beharko lukete lotsa. Haiek sentiarazten gaituzte errudun.

Gonbidapena - deia

Amaitzeko, plataforman parte hartu nahi duzuenok —eragindakoak izan edo ez— jarri arren gurekin harremanetan, hiru bide hauetako edozeinen bitartez:

  • Erletxe bulegoa (Kale Nagusia 5, Irun). OSTEGUNERO, goizeko 11,30etatik eguerdiko 13,30etara.
  • Bilerak. Astero egiten ditugu bilerak, astearteetan, 7etatik 9etara, bi leku hauetan, txandaka: Hondarribiko Zuloaga Etxean eta Irungo Lakaxitan.
  • Telefonoa eta e-maila: 622 866 647 // stopdesahuciosbidasoa@gmail.com // stopdesahucioshondarribia@gmail.com

Gogoratu ez garela zifra hutsak: pertsonak gara, familia partikularrak gara, eta oinarrizko eskubideak ditugu, hala nola etxebizitza-eskubidea. Sozialki zanpatutako pertsonak gara, horrek dakarren sufrimendua eta gizarte-bazterketa pairatzen dugunak. Baina pertsona borrokalariak ere bagara, eta etxebizitza-eskubidearen alde borrokan jarraituko dugu!

BAI, AHAL DA!!!

Etiquetas: