Urrats txiki bat zeregin askoren artean

Irungo Bildu.- 2014ko urriaren 28an mankomunitateko batzarrak ordenantza fiskalak onartu egin ditu, uraren eta hondakinen tasak onartu egin dira.

2015erako planteatzen diren hondakinen tasetarako egiten den proposamenarekin bat egin eta alde bozkatu dugu. Egia da ez dela gure taldeak iaz egin zuen eskaeraraino iristen (hondakin organikoa birziklatzen zutenei %20ko hobaria jartzea eta autokonpostajea egiten dutenei %40koa) baina bide egokia izan daiteke atal ekonomikoa kontzientziaziorako.

Hala ere, argi esan nahi dugu hau ez dela nahikoa eta eskualde mailan dagoen sistemak oraindik ez duela hondakinen birziklatze tasa modu handi batean igotzerik lortu. Gaineratu beharra dago, egokia izan daitekeela hartzen den erabakia baina horrek kontrol bat behar duela adierazi nahi dugu. Izen emate hutsak aukera bat ematen badizu ere ongi egiten ari garen edo ez kontrolatzea ezinbestekoa da. Gaur egun ezagutzen dugun sistemak ez du hau bermatzen.

Onartzen den proposamen honek, oraindik ez du autokonpostajea egiten duten pertsonen aldeko hobari hori egiten, eta hauek dira benetan beraien hondakin organikoa sortu eta kudeatzen duten bakarrak.

Datu batzuk ezagutzea falta bazaigu ere, batzarrean hainbat eskaera egin ditugu, birziklagarriak diren frakzioetan asko dugu hobetzeko oraindik, eta sortzen dugun hondakin kopurua murrizteko ere lan eskerga.

Bide horretan gure taldeak proposamenak egiten jarraituko du, errefusa biltzeko edukiontzi kopurua murriztuz, sortzaile handien (hondakin organikoena bereziki; taberna, jatetxe, fruta denda, arraindegi, harategi,...) bilketa berezituak eginez; zeintzuk poliki bada ere aztertzen ari diren, eta baita eskualderako sistema egokiena bilatzeko orduan proposamenak eginez (frakzio bakoitzerako bilketa egunak zehazten, birziklagarriak diren frakzioak kontrolatuz,...).

Oraindik ere urrats handiak egiteko baditugu ere txiki honek birziklatze tasan zerbaiten laguntzea espero dugu.

Etiquetas: