Funts putre baten aurkako Kaleratzeak Stop Elkartearen lehen auzi-eskea

logo2014 urteko urrian kaleratzeen aurkako elkarteok jadanik salatu genuen KUTXABANK-ek fede oneko zordunen 340 milioi euroko mailegu sorta saldu zuela 5 milioi euroren truke bakarrik, hau da, bere balioaren %1,5ean. Eroslea Irlandako IDR FINANCE II funts putrea da, eta Madrilgo LINK FINANZAS enpresa da kobratzeak kudeatzeko ardura duena.

Gaur salatzen dugun kasua Kutxabankek mailegu horietako bat saldu izanaren ondorio da. 2005 urtean C.A. eta bere bikotekideak Kutxabanki 17.000 eurotako mailegu bat eskatu zioten garaje bat erosteko. 2008an, eta burbuila inmobiliarioak leher egin ondorengo krisi latzaren ondorioz, bikote hau langabezian geratzen da, eta mailegua ordaintzeko zailtasunekin. 2009an Kutxabankek ahal dutena ordaintzeko esaten die, ahoz, tartean inolako dokumenturik ez dela, baina handik urtebetera Kutxabankek garajearen bahitura edo enbargoa jakinarazten die. Garajea enkantera irteten da eta Kutxabankek bereganatzen du 6.000 euroren truke, eta epaitegiak medio hilean 200 euro ordaintzea adosten dute ordaindu gabe geratzen dena kitatzen joateko. 2013ko abenduan Kutxabankek jakinarazten die mailegua ordaindua dagoela, baina 17.000€ zor dituztela interesetan.

2014ko urrian jakinarazpen judizial baten bitartez jakiten dute KUTXABANKek mailegua IDR FINANCE IRELAND funts putreari saldu diola, eta honek LINK FINANZAS-i eman diola zor duten dirua berreskuratzeko lana.

Horregatik guztiagatik Debagoienako Kaleratzeak Stop plataforma kalera irten gara herritarrak informatzeko eta KUTXABANKen joko zikina salatzeko. Izan ere, IDR FINANCE IRELAND funtsari saldu dion kopuru berdinaren truke (hau da 255€) mailegua kitatzeko aukera kaltedunei eman beharrean nahiago du arazoa gainetik kendu eta funts putreari zor osoa galdegiten utzi, berau kobratzeko inolako begiramen edota sentsibilitaterik gabe.

Ondasun higiezina enbargatua izan ondoren eta kapital, interes arrunt eta berandutze interesak kontuan hartuta maileguak jatorrian zuen balioa baino gehiago ordaindu dutenean, kostak eta galdegite gastuak kontuan hartuta oraindik ere zor dutena maileguaren haserako balioa bera baino handiagoa da. Horregatik jarri dugu epaitegietan demanda hau, funts putre baten aurka aurkezten dugun lehena delarik. Izan ere, KUTXABANKek zorra saldu ondoren funts putrea da zorraren legezko hartzekoduna, kontratutik datozen eskubide guztiekin. Eta kontratu horretan abusuzko klausulen zantzu nabarmenak ikusi ditugu, hala nola berandutze interesak, erreklamazio komisioak eta edozein kontzepturen inguruko gastuak.

Etiquetas: