IrunLab Industria 2015, industriako enpresetan sorkuntza txertatzeko apustua

Bidasoa Bizirik.- Irungo Udalak, Bidasoa Bizirik-en bidez, IrunLab Industria 2015 jarriko du martxan. Programa horretan, Irungo hiru enpresa industrialek sorkuntzarekin lotutako ekintzak garatuko dituzte, antolaketa berritzeko proiektuak sortzeko asmoz. Abangoardiako metodologiak aplikatuko dituzten artista eta sortzaileek parte hartuko dute proiektuan.

Irungo Udalak eta Bidasoa Bizirik-ek Mikro-Pilula sortzaileen programak aurrera eraman dituzte azken urteotan (2 hilabeteko irupena zuten). Artisten edo sortzaileen eta komertzioen edo mikro-enpresen arteko harremana sustatzea zuten helburu.

Maxi-Pilula sortzaile horietan (4 hilabeteko iraupena izango dute), Alcad S.L.k, Comdiflex S.A.k eta Iturria Industrialek parte hartuko dute.

Garapena
Maxi-Pilula sortzaileak “nahaste sortzaile” moduan ulertutako ekintzak dira (ikerketa esperimentaleko eta ko-sorkuntzako prozesuak). Enpresen antolaketa eredua eta lan egiteko modua hobetuko dituzten prozesuak martxan jartzea da asmoa.

C2+ i S.L. / Conexiones Improbables da proiektua aurrera eramateko Bidasoa Bizirik-ek aukeratu duen kontsultoria sortzaileko enpresa.

Bidasoa Bizirik-ek Maxi-Piluletan parte hartzeko enpresen hautaketa egin ondoren, C2 + i S.L.k ikerketa esperimentaleko eta ko-sorkuntzako prozesuak bultzatzen lagunduko duten sortzaileak aukeratu ditu. Zailtasuna, aniztasuna eta pentsamendu kritikoa eta sortzailea txertatuko dute enpresetan, antolaketa eredua zalantzan jar dezaten. Talde eta inguru sortzaileen garapena eta barne ekintzailetza sustatzen dira horrela.

Horretarako, artista edo sortzaileen eta enpresen arteko kolaborazio dinamika martxan jarriko dute. Artista edo sortzaileek enpresen beharrak eta errealitateak ezagutuko dituzte, haien ikuspegitik sorkuntza bultzatuko duten ekarpenak egin ahal izateko.

Haien proposamenak aurkeztu dituzten artista edo sortzaileak hautatzen parte hartu dute: Sevillako “ehcofab” fabrikazio digitaleko laborategiak, Mikel Morlas sorkuntza aholkulari kataluniarrak, eta artearen eta arkitekturaren inguruko ideiak ematen dituen Donostiako Maushaus laborategiak. Artista horiek enpresekin batera lan egingo dute erronka ezberdinen inguruan, lan taldeetan sorkuntzari lotutako kultura sortzeko, eta enpresa lehiakorrago egingo duten antolaketa ereduak hobetzeko.

Uztailaren 23an hasiko dira Maxi-Pilula sortzaileak, eta azaroaren 11n amaituko dira. Orduan, emaitzen aurkezpena egingo dute, artista edo sortzaileek eta enpresek lau lan saio egin ondoren.

Gipuzkoako Foru Aldundiak parte hartu du proiektuaren finantziazioan, enpleguaren dinamizazio endogenoko programaren baitan.

Etiquetas: