Internet bidez eskaintzen du zerbitzua El Espaziok

Irungo eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa Bizirik-en bidez, ikastaroen, jardueren, enplegua bilatzeko moduen eta orientazioaren inguruko informazioa eskaintzen dute Anaka kalean dagoen El Espazio de profesiones con futuro bulegoan, eta www.elespazio.com web gunean.

Aurrez aurre egin daitezkeen zerbitzu guztiak biltzen ditu web guneak. Askotan, lehen harremana sortzen du El Espazioren eta erabiltzailearen artean. Ondorengo informazioaren berri ematen du web guneak: Bidasoa Bizirik-ek kudeatutako lan eskaintzak, Bidasoa eskualdeko beste eskaintzak, ikasleei eta titulatu berriei zuzendutako praktika profesionalak, lan munduan sartzea erraztuko duten jardueretan izena emateko aukera.

Eskualdean egiten diren formazio ikastaroei buruzko informazio guztia ere biltzen du web guneak.

Online zerbitzuak
Online zerbitzuen atalean, orientazio profesionala edo enplegua bilatzeko laguntza behar dutenei zuzendutako informazioa aurki daiteke. Informazio praktikorako baliabide ezberdinak daude, esate baterako, ikasleei zuzendutako orientazio testa, curriculum modeloak etab.

Azken finean, orientazio profesionala eta enplegua bilatzeko laguntza jasotzeko modu erraz eta ordenatua da. Etxetik eta doan egiteko aukera ematen du, gainera.

Zerbitzua erabiltzeko, badago web gunean izena emateko aukera. Dena den, ez da derrigorrezko baldintza.

El Espazio bulegoa Anakan
Anakako El Espazio bulegoak Irungo eta Hondarribiko biztanleei zuzendutako zerbitzua eskaintzen du. Doakoa da, eta ez dago aldez aurretik hitzordua hartu beharrik. Alde batetik, pertsonalizatutako aholkularitza egiten da, formazioari, enpresentzako laguntzei eta enplegua bilatzeko moduei buruz. Bestalde, irailetik ekainera arte, enplegua bilatzen ari den jendeari zuzendutako ikastaro eta jarduera asko egiten dira.

Udaran, goizetan irekita dago bulegoa. Bertan, aipatutako zerbitzuez gainera, ordenagailuak erabiltzeko aukera ematen dute, lan eskaintzak bilatzeko eta haietan izena emateko.

Etiquetas: