Antxeta Irratiak Topaketa Gastronomiko Kulturanitzak antolatu ditu uhinetan 15. urteurrena ospatzeko

Antxeta Irratia.- Antxeta Irratiak aurten 15 urte beteko dituela modu eraikigarri batean ospatzeko, hainbat ekimen proposatuko ditu ekaina bitartean «15 urte uhinak orrazten» lelopeko kanpaina kari. Horietarik lehendabizikoa, Topaketa Gastronomiko Kulturanitzak izango dira. Otsailaren 12an, 19an eta 24ean Bidasoa eskualdeko atzerriko bizilagunekin batera, haien herrialdeetako gastronomia ezagutu eta dastatu ahal izango dugu, Hendaia, Hondarribia eta Irungo elkarte gastronomiko batean topaketa bana antolatuz.

Lehendabizikoa, ostirala hontan izango da (otsailak 12, 19:00etan) Hendaiako hirierdiko Baleak elkartean. Bertan Bidasoko argentinar eta nikaraguar familia bana gonbidatu ditugu gurekin batera sukaldatzera. Euren gastronomia dastatzeko aitzakiarekin batera, jatorri ezberdineko bidasotarron arteko elkar ezagutza eta Hendaia, Irun eta Hondarribiko herritarren arteko harremanak estutzea bilatzen dugu, pintxo-pote formato batean.

Hurrengo topaketak, otsailaren 19an Hondarribian (Klink elkartean, 18:30ean), eta otsailaren 24ean Irunen (Bidasoako EKT elkartean, 18:30ean) ospatuko ditugu. Hondarribian bertako senegaldar familiak izango dira gonbidatuak, eta EKT elkartean Hondarribiko ukraniar eta Irungo mexikar sukaldari bana.

Topaketa hauen ondotik, SOS Arrazakeria, Adixkidetuak elkartea eta Irungo Udaleko Ongizate arloarekin batera, mahainguru bat antolatuko dugu, «Beste herrialdeetako bidasotarren inklusio neurriak eta harreman sozialak» aztergai jarriaz.

Antxeta Irratiak bidasotar oro gonbidatu nahi ditu hiru topaketa hauetan parte hartzera. Zapore berriak dastatzearekin batera, elkar bizitzeko Bidasoa bailara goxoago bat eraikitzeko denon parte hartzea beharrezkoa delakoan.

Etiquetas: