Eskualdeko hiru hizkuntzak lantzeko aukera emango du GU GEU programak

GUGEU programaren bosgarren edizioa martxan jarri dute Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako Udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez, eta Mugi Hadi Mondragon Unibertsitateko ikasleen elkartearekin elkarlanean. Euskararen, frantsesaren eta gaztelaniaren erabilera sustatzen da bertan, elkarrizketa taldeen eta parte hartzaileek bultzatutako jardueren bidez. Hizkuntzaren ezagutza edo ikasketa osatzeko modua da, astean bi orduz hizkuntzak modu lasai batean eta taldean praktikatzeko aukera emanez.

Ondorengoak dira programaren helburu nagusiak:
 - Bidasoa eskualdean erabiltzen diren hiru hizkuntzak sustatzea, jarduera ezberdinen bidez.
 - Irun, Hondarribia eta Hendaia udalerriek eskaintzen dituzten jarduera ezberdinen ezagutza sustatzea, entitate komunaren bila.

Taldeak hiru espazio ezberdinetan bilduko dira: Bidasoa Bizirik-ek Irungo Juncal kalean duen ikasgelan (goizetako taldeak), Mondragon Unibertsitatean (arratsaldetako taldeak), eta Hondarribiko Kultur Etxean.

Euskarazko izen-emateak Irungo eta Hondarribiko Mintzalaguna programetatik bideratu dira. Beraz, Hendaiako hiritarrek Irunen eta Hondarribian sustatutako programei etekina atera diezaiekete.  Frantsesezko eta gaztelaniazko taldeetako izen-emateak Partzuergotik kudeatzen dira zuzenean.

Izen-emateak
Urriaren 17tik 28ra egin daitezke izen-emateak, Irungo eta Hendaiako Gazte Informazio bulegoetan, edo Hondarribiko BAZen, edo CONSORCIO@bidasoa-activa.com helbide elektronikoaren bidez.

Izen-emateen hurrenkera errespetatuko da, libre dauden plazak amaitu arte. Itxaron zerrenda osatuko da ondoren, ikasturtean zehar egon daitezkeen huts egiteak betetzeko. Parte hartzaile bakoitzak 40 euro ordaindu beharko ditu, konpromiso gisa. Elkarrizketa taldeak azaroaren 2an hasiko dira elkartzen.

GuGeu programaren ibilbidea
2012ko apirilean egin zen lehen esperientzia, euskarazko talde batekin eta frantsesezko zortzirekin. Urte hartako urrian hasi zen 2012-2013 ikasturteko ikastaro osoa, hamar-hamabi parte hartzaileko bederatzi talderekin. 2013an harrera ona izan zuen berriro, 100 parte hartzaile baino gehiago izan baitziren. Azken bi edizioetan, eskainitako 110 plazak bete izan dira.

Etiquetas: