Bidegorriaren alde, txirrinda martxarekin bat

Hondarribiko EH Bilduk bat egiten dugu Abotsanitzek Hondarribirako bidegorri sare seguru eta duin bat behar dugunaren aldarrikapenarekin.

Orain arte Udal gobernuak bizikletak aisialdirako eta paseorako elementu gisa ikusi ditu soilik eta ondorioz bidegorri sarea osatzea bigarren mailako lantzat hartu izan du.

Horren adibide da bidegorria leku askotan moztuta eta bihurgunez beteta egotea, eta kotxeentzako errepide eta aparkalekuek uzten duten zirrikituetatik bideratuta egotea.

Iruditzen zaigu, ordea, badela garaia herrian kotxeekin dugun arazoa konpontzen laguntzeko, bizikletaren alternatiba modu serioan aztertzeko. Hainbat herritan egindako esperientzien bitartez demostratuta baitago bizikletaren erabilera sustatzeak herri

barruko desplazamenduetarako kotxeen erabilera gutxitzen duela.

Horretarako, baina, herri barruko bidegorri sarea modu funtzionalean osatu eta egokitu beharra dago bizikletaren erabilera modu praktiko eta seguruan egin ahal izatea bermatuz. Bizikleta egunerokotasunean erabiltzea nahi badugu, ezinbestekoa da bidegorria ikastetxe eta lan-eremuetaraino ere iristea, aisialdirako ez ezik herri barruko garraio beharrei erantzuteko balio izan behar baitu, eta honez gain, bizikletentzat

aparkaleku bereziak instalatu beharko lirateke, zerbitzu, komertzio eta aisi guneetan.

Hau egiteko baina, erakunde publikoen aldetik borondate politikoa besterik ez da behar, kotxeentzako errepideak egiteko garaian zailtasun teknikoak handiagoak izan Ohi dira eta benetako interesa dagoenean irtenbideak aurkitu egiten baitira. Honela, Abotsanitzen erreibindikazioarekin bat eginaz, Udal gobernuari eskatzen diogu bizikleta ere garraio modu gisa hartuko duen mugikortasun plangintza bat lehenbailehen

abiatzeko, eta hori egikaritzeko behar diren baliabide guztiak jartzeko.

Honenbestez, datorren larunbaterako Abotsanitzek deitu duen txirrinda martxarekin bat egiten dugula adierazten dugu eta bertan parte hartzeko deialdia luzatzen dugu.

Etiquetas: