Bainulariek hainbat hondartzatan sumatu dituzten azkurak alga-ugaritze kaltegarri baten ondorio omen dira: eta ez zuten horren berri emateko asmorik?

Eguzki.- Zergatik ematen dute azkura Kontxako urek?, galdetu zuen asteazkenean Eguzkik prentsa-ohar baten bidez. Bada, Donostiako Ingurumen zinegotzi Alfonso Diezek eman duen erantzunaren arabera, alga-bloom bat izan delako, hau da, hitz lauz, ALGA-UGARITZE KALTEGARRI BAT izan delako (1). Diezen baieztapenak Eusko Jaurlaritzaren informazioren batean omen du oinarri.

Gauzak horrela, honako galdera berri hau egin beharrean gaude: eta, alga-ugaritze kaltegarri bat bazegoela jakinda, Eguzkik galdetu arte, ez zuten jendeari informazioa emateko asmorik?

Are gehiago kontuan izanda fenomenoa nahiko zabala izan dela, bai geografia aldetik, bai denbora aldetik. Izan ere, geografiari dagokionez, Kontxan ez ezik Deban eta Mutrikun ere sumatu da, Diezek esandakoaren arabera. Baina Eguzkikook Ondarroako testigantzak ere baditugu. Horrek adietzera ematen digu oso litekeena dela hondartza gehiagotan ere sumatu izana. Denborari dagokionez, berriz, eta betiere Diezek esandakoaren arabera, ugaritzea larunbatean gertatu zen, eta, hala ere, Eguzkikooi galdera egitera bultzatu gintuzten kexak asteartekoak izan ziren.

Beraz, gure ustez, Eusko Jaurlaritzak (Osakidetzak?) publikoki azaldu behar du zer gertatu den. Idatziz ere eskatuko diogu alga-ugaritze horri buruz duen informazioa. Baldin badu, behintzat, Diezek adierazi bezala.

Badirudi (hori sumatzen dugu guk, behintzat) agintari batzuek hainbat informazio “alboratzeko” joera dutela, herritarrok “alferrik ez aztoratzeko” aitzakian. Bada, gure ustez, joera horrexek sortzen ditu aztoramen eta mesfidantza gehien. Horren adibide hauxe izan daiteke. Izan ere, gure hondartzetan alga-ugaritze kaltegarri bat bazegoela jakin dugu baten batek, kasu honetan Eguzkik, inguruan jende pilo bat azka egiten ikusi ondoren, zerbait gertatzen ari ote den galdetzera animatu delako.

Baldin eta Jaurlaritzak alga-ugaritze honi buruzko informazioa badu, eman egin behar du. Herritarron eskubidea da, are gehiago kontuan izanda osasunean eragina izan dezakeela. Gainera, fenomeno hauen inguruko pedagogia egiteko aukera ona ere bada, are gehiago kontuan izanda fenomeno hauek hemendik aurrera gero eta ugariagoak izango omen direla.

Eta behar bezalako informazioa jaso ondoren, norberak erabaki dezala aztoratzeko arrazoirik badagoen eta bainatzen jarraitu behar duen ala ez.

Ondarretan bada kutsadura-arazo bat
Eguzkik asteazkenean plazaratu zuen oharrean, azkurak ez ezik Ondarretan, Tenis partean, bandera horia zegoela ere aipatu zuen, zergatik eta asteleheneko ur-analisietan berriro jatorri fekaleko kutsadura atzeman zutelako. Horren ondorioz, bainuaren kalifikazioa “libre” izan ordez, “kontuz bainatu beharrekoa” zen. Eguzkik oharrean espresuki azaldu zuen ez zekiela azkuren eta Ondarretako kutsaduraren arteko loturarik ote zegoen, eta, hain justu, horrexegatik azalpenak eskatu zituen.

Alfonso Diez zinegotziak informatu du asteazkenean egindako kontraanalisian ez dutela kutsadura-zantzurik aurkitu; beraz, berriro ere bandera berdea da nagusi Ondarretan, baita Tenis partean ere. Oro har, egoerari larritasuna kentze aldera mintzatu da Diez. Bada, guk egoerari ez diogu emango ez kenduko larritasunik; guk soil-soilik egiaztatzen dugu Ondarretan badela konpondu gabeko kutsadura-arazo bat, nahi baino sarriago analisietan islatzen den bezalaxe. Iaz bost kasu izan ziren; aurten, berriz, bi, eta ez bat, portzierto, Diezek adierazi bezala. Dudak baditu, erreparatu diezaiola maiatzren 29ko analisiari.

Gaurkoz bukatu aurretik, zerbait postiboa: iaz, zinegotziak ukatu egin zuen Ondarretan kutsadura-arazo “estruktural” bat zegoela, eta esan zuen kutsadura hori badian ainguratutako ontzien deskargen ondorio zela; aurten, berriz, aitortu du Ondarretan badela kutsadura-arazo “estruktural” bat, badela kutsadura-iturri bat, Udalak bilatu baina oraindik aurkitu ez duena. Arazo bat konpontzen hasteko, lehendabizi arazo bat badagoela onartu egin behar da. Beraz, bada zerbait.

    (1) Diezek erabili duen hitza, bloom, bati baino gehiagori zeharo arrotza egingo zaiona, fenomenoari ingelesez ematen dioten izendapenetik eratortzen da: Harmful Algal Bloom. Eta zer esan nahi du horrek, zehatz-mehatz? Horixe, ba: alga-ugaritze kaltegarria.

Etiquetas: