Garoña: behar bezala baloratzen jakin behar dugun garaipen handia

Alvaro Nadal Energia ministroak asteartean adierazi zuenez, Gobernuak ez du Garoñako zentral nuklearra hustiatzen jarraitzeko baimena luzatuko. Beraz, zentralak itxita jarraituko du, oraingoan behin betiko.

Garaipen handia da, ezbairik gabe. Seguru asko inozo samarra litzateke pentsatzea garaipen hau soil-soilik herri-borrokaren ondorio dela, baina ukaezina da Gobernuak gaurko erabakia hartzeko ERABAKIGARRIA izan dela urteetako herri-borroka. Batzuetan oihartzun handia lortu du; besteetan, berriz, txikia, baina etengabea izan da, eta azkenean frutuak eman ditu.

Adi, hau ez baita bukatu, ordea. Orain bermatu egin behar da zentrala benetan eraisten dela, iruzurrik onartu gabe. Gogoan izan, alde horretatik, aurtengo aurrekontu orokorretan partida bat onartu zutela Garoñan hondakin erradiaktiboen “behin-behineko” biltegi bat egiteko. Paradoxa ederra litzateke: zentrala ixtea eta, horren ordez, biltegi nuklearra ezartzea Garoñan. Bestalde, adi egon beharko da Nuclenorrek ageriko edo isilpeko kalteordainik jaso ez dezan, eskubiderik ez du eta. Eta, halaber, Garoñako inguruan garapen sozio-ekonomikoa sustatzeko plan bat errebindikatzen jarraitu beharko da.

Baina hau guztia kontuan hartuta ere, guk ez dugu duda egiten: garaipen handia da, eta Euskal Herria nahiz planeta bizigarriago bat nahi dugunok badugu gaur, merezimendu eta zilegitasun osoz, gainera, zer ospaturik. Zorionak!

Eguzki

Tags: