Erresistentzia Oporretara

Kaixo danori!
Askok jakingo duzuenez, Ibarbengoako Parkingaren aurkako mugimenduak 3 urtez atzeratu ditu Andra Mariko auzoa zementuz betetzeko obrak. Garaipen txiki hau 2007an milaka etxebizitza eraiki nahi izan zituen Lurraldearen Zatiko Plana gelditu zutenen borrokaren jarraipena da. Ziur gaude berriro ere hau guztia geldituko dugula eta Getxoko berdeguneek arnasgunea izaten jarraituko dutela.

Pasa den astelehenean jakin genuen PNVren Eusko Jaurlaritzak eta Garraio Partzuergoak, epailea presionatzen ibili eta gero, abuztuan Tosun sartzeko agindua lortu dutela. Badakite hilabete honetan, antza justiziarik gabeko hilea, jendea oporretan eta jaietan murgilduta gabiltzala eta herriaren aurkako lege eta neurriak ezartzeko garairik onena dela. Zergatik landa bat hustutzeko presaka ibili? PNV beldur ote da?

Guk hustutzeari aurre egingo diogu, ilusioz, indarrez eta elkar-laguntzaz. Bidea ez da desalojoan amaituko, horrek beste borroka-egoera batzuk sortuko baititu obrak bertan behera uzten dituzten arte. Andra Mariko auzokide batek Bertolt Brechten olerki bat gogora ekarri eta zera esan ohi zuen, “zalantzen artean ederrena ahulek eta etsituek euren burua altxatu eta zapaltzaileen indarrean sinesteari uztea” dela. Tosun eta Getxon aspaldi utzi genion bizitza loratzen uzten ez dutenen indarrean sinesteari. Ez gara beldur.

Horregatik, abuztuaren 9tik aurrera Tosun antolatu ditugun Erresistentzia Oporretara hurbiltzeko deialdia luzatzen dizuegu Getxoko, Uribe Kostako eta EHko danori. Dauzkagun oporrak eta erresistentzia uztartzeko egitarau xumea prestatuko dugu giro paregabean: kontzertuak, Portu Zaharreko jaietako probetan parte hartu, txonbo herrikoiak etab. Ondo etorriak zarete! Janaria, gure kontu; lo-zakua, konpromezua eta bizipoza danon kontu!

Uste baino gehiago garelako... Ez, ez, ez, parkingari ez! Andra Mari ez ikutu!