Enpresako giza baliabideen hobekuntza, sormenaren bidez

IrunLab Industria programa baliatuz, Irungo enpresa industrialetan eta elkarri lotutako zerbitzuetako enpresetan sormena txertatzeko apustua egin du Irungo Udalak, Bidasoa bizirik-en bidez, hirugarren urtez segidan.

Aurtengo edizioan, ekintza sortzaileak garatuko dituzten hiru enpresa izango dira parte hartzaileak, eta antolakuntza berrikuntzako proiektuak burutzeko helburua edukiko dute. Giza baliabideen antolamenduan eta laneko giroan hobekuntzak egiteko, eta langileen parte hartzea sustatzeko lan egingo dute, besteak beste.

Prozesu horiek praktikan jartzeko, artista eta sortzaile ezberdinekin elkarlanean ariko dira, proiektuetan metodologia aitzindariak aplikatuz. Maiatzean hasi zen proiektua, eta azaroa erdialdean amaituko da.

Ostegunean, irailak 7, enpresa parte hartzaileen eta artisten eta sortzaileen arteko lehen topaketa eduki dute. Bertan, proiektuaren metodologia azaldu eta aurkeztu diete enpresariei eta artistei.

Enpresa parte hartzaileak eta artistak
Aurtengo ediziorako hautatutako enpresak ondorengoak dira: Placisa S.A., moldeen garapenean eta material termoplastikoetan egindako piezen injekzioan aritzen den enpresa; Neumáticos Txepetxa SAL, ibilgailuen gurpiletan espezializatutako tailerra, eta Railtek Ingeniaritza Industriala S.L., aluminiozko profilen kurbatzean eta mekanizazioan espezializatutako enpresa.

Placisaren kasuan, Carlos Belda aktore, zuzendari eta irakaslearekin lan egingo dute. Kanarietako Aktore Eskolan jaso zuen formakuntza, bere ikasketak Parisen osatuz, Monika Pagnuex, Philippe Gaulier, Arianne Mnouchkine, Daniel Stein eta Nicole Jasparrekin. Espainiako, Erresuma Batuko, Frantziako eta Kanadako antzerki konpainia askotan lan egin du. 1992az geroztik, irakaslea da Kanarietako Aktoreen Eskolan. Teatro Tamaska eta “Cambuyón” taldeetako ko-zuzendaria da. Beste zenbait konpainia eta sorkuntza, multimedia eta dantza ikuskizunak zuzendu ditu, besteak beste. Aktore eta ko-egile gisa aritu da ExMachinarekin Lipsynch-en, Robert Lepagek zuzenduta.

Neumáticos Txepetxak Pezestudiorekin lan egingo du. Arkitektuen zelula sortzaile bat da, 2006an sortua, Hirigintza, Arkitektura, Diseinu eta Ikerketa-Ekintza proiektuak garatzen dituena. Objektuak, erremintak, espazioak, eta praktikak diseinatzen ditu, pertsonek ingurumenarengan duten inpaktua murriztea, garapen soziala, teknika sortzaile berritzaileen ikerketa eta produkzioa eta kolaborazio testuinguruak garatzea sustatzen dutenak. Ondorengo kontzeptuen inguruan egiten dute lan: ekologia eta gizartea, landa eta hiria, habitatak eta bizimoduak, tradizioa eta teknologia, berrerabilpena eta estandarizazioa, artisautza eta autoeraikuntza, kode askea eta parte hartzea. Arkitekturaren, diseinuaren eta hirigintzaren aukerak aztertu dituzte, gizarte aldaketarako eta garapenerako erreminta gisa.

Erakusketak, hitzaldiak eta tailerrak burutu dituzte Europako, Ipar Amerikako eta Latinoamerikako arte eta hezkuntza erakundeetan.

Azkenik, Railtek Ingeniería Industrial  S.L.k Diego Soroa, Cuantics Creatives Lab sorkuntza aplikatuko laborategiko zuzendariarekin lan egingo du. 2006an sortu zuen, hurrengo urtean urteko ekintzailearen saria jaso zuelarik, Bilbon. Exponential Euskadiko eta Singular University Bilbao-ko enbaxadorea da. Arkitektura, Design Thinking-a eta Social Thinking-a dira haren lan esparruak. Arkitektura ikasi zuen Madrilgo Eskolan, eta Chicagoko IITn. Jarduera anitza burutzen du, agente sortzaile gisa.

Iñigo Gurrutxaga Railtek-eko gerenteak lehen saioaren balorazio baikorra egin du: “Ezustekoa izan da programa, onerako. Merkatuak zabaldu nahi ditugu, enpresaren parte garen guztion arteko kolaborazioa eta harreman ona sustatuz”.

IrunLABen hirugarren urtea
IrunLab Industriaren edizio berri honekin, dagoeneko 11 dira programan parte hartu duten enpresak. 2016an Alcad, Conatec, Microcom, Fercam eta Woco izan ziren. 2015ean, berriz, Alcad, Comdiflex eta Iturria Industrial.

Azken bost urteetan, Mikro Pilula sortzaileen bost edizio burutu ziren (2 hilabeteko epea duten proiektuak), artisten edo sortzaileen interakzioa sustatzen zutenak, Irungo komertzioekin eta mikro-enpresekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiak finantziatu du proiektua, Gipuzkoako lurralde kohesioa eta lehiakortasuna sustatzeko bere programaren baitan.

Etiquetas: