Egonkortu egin da Bidasoa-Txingudi, Europa mailan bakarrak diren ezaugarriak dituen selekzioa

Bidasoa-Txingudi selekzioaren ereduaren balorazio baikorra egin du Bidasoa-Txingudi mugaz gaindiko partzuergoak, Realarekin eta Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako futbol klubekin batera. Lehiaketen eta entrenamenduen egutegi bat onartu dute, datorren denboraldirako.

Landetxa K.E.k antolatzen duen Txingudi Txapelketan parte hartuko du selekzioak, abenduaren 29an eta 30ean. 2003 eta 2004 urteen artean jaiotako kadete mailako gaztetxoentzako lehiaketa izango da. Parte hartzea prestatzeko, hautatuak izan diren jokalariek asteartero entrenatuko dute, abenduaren 12an, 19an eta 26an, Mariño, Dunboa-Eguzki eta Hondarribia anfitrioi direla.

Aurrerago, martxoaren 31tik apirilaren 2ra, Hendaiako Les Eglantins-ek antolatzen duen Pâques txapelketan parte hartuko dute 2005ean jaiotakoek, Hendaiako Ondarraitz zelaian. Lehiaketa prestatzeko, martxoaren 19, 26, 28 eta 29an eta apirilaren 5ean entrenatuko dute, Behobia, Real Union, Landetxa eta Les Eglantins anfitrioi direla. Bestalde, infantilek Landetxa K.E.k antolatzen duen Aste Santuko txapelketan parte hartuko dute, apirilaren 7an eta 8an.

Helburuak eta ibilbidea
Bidasoa-Txingudi selekzioa mugaz gaindiko futbol selekzioa da, bakarra Europan. Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako udalen babesa du, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez. Kirol zuzendaritza Real Sociedad klubak darama.

Selekzioaren helburuak dira adin ezberdinetako neska-mutilen elkar bizitza eta kirol jarduera bultzatzea, hiru hirietako hizkuntzen mugak gaindituz; mugaz gaindiko elkarlanaren ikur izango den kirol selekzioa edukitzea; eta eskualdearen kanpo irudia indartzea.

2001 urtean, Ricardo Gomez Dunboa-Eguzkiko presidentearen ekimenez sortu zen Bidasoa-Txingudi selekzioa, 15 urtez azpiko Irungo Lopez Ufarte Txapelketa ezagunean parte hartzeko.  Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako futbol elkarteek sustatutako ekimenak arrakasta eduki zuen, tamaina horretako lehiaketa batean eskualdearen ordezkari izan zelarik. Beste bi urtez ere presente egon zen txapelketan.

2014an, eskualdeko elkarteek ekimenari berriro heltzea erabaki zuten. Horretarako, Txinguiko futbol selekzioa sustatzeko Protokoloa sinatu zuten klubek. Horrela, Bidasoa eskualdeko irudi izango den selekzioa martxan jarri zuten berriro, txapelketa ezberdinetan parte hartzeko.

2017ko apirilaren 15ean, 16an eta 17an, Bidasoa-Txingudi 13 urtez azpiko futbol selekzioak Hendaiako Pâques txapelketa irabazi zuen.

Txapelketa horrek proiektu komuna egonkortzeko balio izan zuen. Hautatuak izan ziren hiru hirietako haurrek integrazio esperientzia berdingabea bizi izan zuten, hiru egun horietan zehar.

Etiquetas: