Eguzki irratia, 35 urte independentziaz, auto-ongintzako irrati-maratoia

Eguzki irratiak 35 urte  uhin libreetan beteko ditu datorren abenduaren 15ean eta urteurrena honen aurrean eta proiektuaren finantziazioa hobetzeko (oraindik eta bazkide berriak behar dituena) beste behin “klasikoa” den irrati-maratoia eginen da: “35 URTE INDEPENDENTZIAZ. EZINEZKOA ZELA EZ GENEKIENEZ, EGIN GENUEN” izenburuarekin.

Auto-ongintzako irrati-maratoi honen helburua, besteak beste, Eguzki bezalako komunikabide baten garrantziaren gaineko hausnarketa egitea da: independentea, askea, inolako loturarik ez duena eta herriari ahotsa ematen diona; hedabideen erabilpena demokratizearen utopia gauzatuz. Beste helburu bat, jakina, entzuleriari eguzkide egiteko urratsa eman dezaten eskatu nahi diegu, irratiarekin ekonomikoki ere lagundu ahal izateko. Gogoratu beharra dago bazkideak direla, gaur egun, gure diru iturri nagusia eta ia bakarra, Eguzki irratiak ez baitu diru-laguntzarik jasotzen eta ez baitu publizitaterik emititzen.

Maratoia abenduaren 15ean goizeko 10etan hasiko da eta zuzenean arituko da, etengabe, abenduaren 16ko goizeko 11ak arte. Eguzkide egiteko bideak honako hauek izango dira: 948 22 07 58, 645 44 24 20 whatsapp edo www.eguzki.eus webgunearen bidez. Gainera, programazioa behingoz bukatuta, sari ezberdinen zozketa bat egingo da egin berriko eta aspaldiko eguzkideen artean.

Gaur egun, Eguzki irratiaren egoera ekonomikoak larria izaten jarraitzen du, herri xeheari kalte egiten dion krisiaren ondorioz diru-sarrerak jaitsi direlako eta, ondorioz, azken urte hauetan pairatzen ari garen defizit txiki bat sortuz, gainditu beharrekoa proiektuaren egonkortasuna bermatu ahal izateko. Hori dela eta, inoiz baino beharrezkoa egiten zaigu zuen laguntza ekonomikoa.

Ongi dakizuen bezala, Eguzki irratiak FMko 107an emititzen du Iruñean, FMko 91an Iruñerrian eta munduko edozein txokotan www.eguzki.eus webgunearen bidez. Beraz, zuen zain egonen gara datorren abenduaren 15ean eta 16an. Entzun eta parte hartu gurekin bat eginez.

Azkenik abenduaren 16an 21:30 ean urteurrena ospatzeko afari herrikoi bat antolatu dugu “El Bullicio” peñan, bonoak (15 euro) Karmen kaleko Herriko tabernan eskura ditzakezue  abenduaren 15a arte eta bertara konbidatuta zaudete

Agur bero bat gehien berotzen duen irratiaren partetik!

Etiquetas: