'Zirtaka' ponentzia aurkeztu du Ernaik

Azken lau urteotan egindako lanaz hausnartu, bidea birpentsatu eta etorkizuneko urratsak zehazteko jarri genuen martxan urrian Inurritegia Kongresu prozesua, gazte estrategia berregokitu eta antolakundea indartzeko asmoz. Herri eta auzoetan prozesuaren aurkezpenak egin ondoren, ponentzia irakurri, bozkatu eta eztabaidatzeko fasea ireki dugu.

Abian eztabaida estrategikoa, Sorturen birfundazio prozesua eta Ernairen azken lau urteetako jarduna oinarri hartu eta gazte estrategia berregokitzeko asmotan aurkeztu dugu Zirtaka ponentzia. Urrian Inurritegia Kongresu prozesuari ekin genionetik aurkezpenak egin, erroldak osatu, eztabaidak girotu eta jasotako ekarpenekin osatu dugu Zirtaka.

“Herri hau martxan jartzeko ekarpena” izan nahi du Zirtaka ponentziak, Ernai gazte antolakunko kideok uste dugunez. Hori izango da bozkatu eta eztabaidatuko den testua; Kantauri izeneko beste ponentzia bat egon bada ere, ez baititu eztabaidan parte hartzeko gutxiengo irizpideak betetzen, Ernaik azaldu duenez. Ernairen webgunean zintzilikatu dute horri buruzko hausnarketa sakonagoa. Kantauri ponentzia zabaltzeko, bestalde, webgune bat sortu dute egileek.

IRAKURTZEKO ETA JAISTEKO: https://es.scribd.com/document/337296284/Zirtaka-ponentzia


“Neurri zehatzak proposatzen ditu 'Zirtaka' ponentziak”

Mikel Urdangarin Irastorza eta Lur Albizu Etxetxipia - Ernaiko bozeramaileak

 

Argitaratu eta gutxira azaldu dizkigute Zirtaka ponentziaren nondik norakoak Lur Albizu Etxetxipia eta Mikel Urdangarin Irastorza Ernaiko bozeramaileek. Nabarmendu dutenez, antolakuntzan eta funtzionamenduan ekarriko ditu bereziki aldaketak Inurritegia kongresu prozesuaren baitan proposaturiko testuak. Alternatiben eraikuntzari eta prozesu independentistari garrantzia berezia emango diete. 

 

Zergatik abiatu duzue Inurritegia prozesua?
Mikel:
Ernai sortu zirela lau urte dira jada: 2013an ekin genion Zukgua prozesuari, eta gutxi gorabehera erabaki genuen Ernairen jarduna zein izango zen hurrengo urteetarako. Harrezkeroztik egin ditugu gauza asko ondo. Besteak beste, hainbat gazterekin inurri lanean gazte asanbladak pizten ahalegindu gara, borroka zehatzak piztu ditugu, alternatiba zehatzak eraikitzeko oinarri sendoak jarri ditugu Gazteraiki bezalako egitasmoekin... Beraz, ikusten da egin ditugula hainbat kontu ondo, baina zenbait gabezia ere bageneuzkan. 

 

"Lau urteotan hainbat kontu ondo egin ditugu, baina ikusten zen zenbait gabezia ere bageneuzkala"

 

Zein dira gabezia horiek?
Mikel:
Ikusten genuen askotan kosta egiten zaigula hainbat gazte sektorerengana heltzeko diskurtso bat edo borroka eskaintza bat egitea. Antolaketa ereduari dagokionean, ikusten genuen zailtasunak geneuzkala konpromiso maila ezberdinei bide emateko: emateko aukera bat edozeinek berak nahiko lukeen esparrutan eta berak nahiko lukeen konpromiso mailarekin ekarpena egin ahal izateko. Feminismoari dagokionean ere, ikusten dugu oraindik orain hainbat gabezia dauzkagula.

 

Lur: Zukgua prozesuaren ondoren eta Ernai sortu zenean, bestalde, aktibazio, saretze eta alternatiben sorrera jarri genituen premisa bezala, eta egia da aktibazio eta saretzean ibili garela, baina alternatiben hanka falta zaigu oraindik. Horri ere erantzuten dio Zirtaka ponentziak, eta batez ere antolakuntzari eta funtzionamenduari dagokionez egin ditugu hausnarketak.

 

Ezker abertzalearen gogoeta prozesuaren barnean ere kokatzen da Inurritegia prozesua.
Mikel:
Bai, horri gehitu behar zaio ezker abertzaleak berak ere eman duen eztabaida estrategikoa. Ikusten zen estrategia aldatu zenetik hainbat galdera eta erronka berri jarri zirela mahai-gainean, baina galdera berri horiei erantzun zaharrak eman zaizkie kasu askotan. Horren aurrean eztabaida estrategiko bat eman da, autokritika sakon bat eginez, eta datozen urteetarako oinarri sendo batzuk jarriz. Horren adibide dira Abian eztabaida estrategikoa eta Sorturen birfundazio prozesua. Faktore horiek denak kontuan edukita, orain gure egitekoa izango da oinarri horietatik abiatuta eta guk orain arte egin ditugun hausnarketak eta jarduna aintzat hartuta gazte estrategia berregokitzea.

 

"Estrategia aldatu zenetik hainbat galdera eta erronka berri jarri ziren mahai-gainean, baina galdera berri horiei erantzun zaharrak eman zaizkie askotan"

 

Zer lantzen du aurkeztu berri duzuen ponentziak?
Lur:
Gai asko ditugu mintzagai... Ponentzia hasten da gazte antolakundearen izaeraz: nolakoa izan behar den Ernai, zein kokapen daukan ezker abertzalearen baitan, orain arte egin dugunak zein agertoki utzi digun edo zein aukera irekitzen dizkigun. Gero, funtzionamenduan sakondu nahi dugu: batez ere guk esaten ditugun balioek eraman behar gaituztela praktika batera. Militantziaz ere hitz eginen dugu: nola egin militantzia sostengarri, prozesu feministak ireki dizkigun ateak nola egokituko ditugun antolakundean bertan, ulertzen dugulako funtzionamenduak ere izan behar duela feminista eta sostengarria, eta horri begira ere neurri batzuk proposatzen dira. Jardun deszentralizatuaz ere hitz egiten dugu, nazio estrategiaz, Aitzinarekin harremanak sendotzeaz, ikusten dugulako lau urte hauetan ez dugula behar besteko lanketarik egin, eta horri ere heldu nahi diogula. 

 

"Ulertzen dugu funtzionamenduak ere izan behar duela feminista eta sostengarria, eta horri begira ere neurri batzuk proposatzen dira"

 

Hezkuntzari buruzko erabaki batzuk ere hartuko dira: zein harreman ditugun ikasle eta gazte antolakundeen artean. Eta gero, gazte mugimenduetan nola eraginen dugun azpimarratzen da behin eta berriz: inurri lana izan behar da gure jardunaren oinarri, eta horretan sakondu behar dugu, gazte mugimenduetan parte hartuz.

 

Barne prozesuez ere hitz egiten da, eta azpimarratzen da herri eta auzoak izango direla antolakuntzaren oinarri sendoena. Eta, gainera, erantzun behar diegula errealitate ezberdinei: hau da, hiriburu batean bizitzea edo herri txiki batean bizitzea eta hor antolatzea desberdina da, eta horri heldu behar diogu. Euskal Herriko segun eta zein eremutan ere lana ezberdina izan behar da: kontuan hartu behar dugu Tuteran eta Donostian lanketak egitea ezberdina izan behar dela.

 

Zer nabarmenduko zenukete, oro har?
Lur:
Ponentzia toki askotan zehaztapenetara heltzen da, eta neurri zehatzak proposatzen ditu. Eztabaidarako interesgarria da, batez ere ikusteko nola funtzionatuko dugun hemendik aurrera: ariketa polita da herri eta auzoetan egiteko. Nik uste dut benetan gauza berritzaileak dituela. Lau urte hauetan prozesu asko bizi izan ditugu, antolakundea asko aldatu da, eta nik uste dut Zirtaka-k neurri zehatz batzuk planteatzen dituela eta gauza batzuei erantzuten diela: nazio estrategia, jardun deszentralizatua... kontuan hartzen ditu gauza pila bat eta batez ere txip-ean jarri behar garela gure jardunaz eta inurri lanaz eztabaidatzeko.

 

Mikel: Apustu zentrala egiten da burujabetzan egunez egun urrats determinanteak emateko. Ikusten dugu erabakiak geroz eta gutxiagoren eskutan daudela, eta gainera hartzen diren erabaki horiek gutxiengo pribilegiatu horren interes eta beharrei erantzuten diela. Horren aurrean, guk apustua egiten dugu herritarrok gure buruaren jabe izan gaitezen eta gazteoi eragiten diguten eremu orotan erabakiak hartzen has gaitezen; eta, erabaki horiek gauzatu ahal izateko, nahikoa ahalmen politiko, sozial, ekonomiko, kultural gureganatu dezagun. Erronka hori izanik, egiten dugu apustua alde batetik gazteen arazo ezberdinei heldu eta arazo horien bueltan borroka zehatzak pizteko eta alternatiba zehatzak eskaintzeko. Eta, bigarrenik, kontuan izanda ahalmen politiko, sozial, kultural hori edukiko baldin badugu besteak beste estatu egitura propioak beharko ditugula, gehiengo hori estatu propioaren beharraz konbentzitzearen alde egiten dugu apustu, eta horren bidean urratsak ematen hastea gaurdanik, mugak mahai-gainean jartzeaz harago.

 

"Alde batetik, gazteen arazoei heldu eta alternatiba zehatzak eskaini behar dizkiegu. Eta bigarrenik, gehiengo hori estatu propioaren beharraz konbentzitu nahi dugu"

 

Gaur aurkeztu duzue ponentzia.Zein izango dira datozen urratsak?
Lur:
Gaurtik otsailaren 11ra arte egonen dira herri eta auzo guztietan ponentziaren azalpenak, aurkezpenak, eta hor bozkatuko dugu ponentzia bera: bai, ez ala zuri. Gero, otsailaren 11tik martxoaren 17ra eztabaidatuko da ponentziaz, eta herrietan gutxienez honi buruzko bi batzar eginen dira, ponentziaren atal ezberdinez, eta emendakinak egingo dira. Martxoaren 20tik 27ra bozkatuko dira emendakinak, eta apirilean bukatuko dugu, kongresuarekin. Eztabaida irekita dago parte hartu nahi duen orori: ez da beharrezkoa militantea izatea eztabaida prozesuan parte hartzeko.

 

Etiquetas: