Bidasoaldean anbulantzien zerbitzuak hobetzeko nondik-norakoak!

Hondarribiko EH Bildu.- Orain dela hamar bat egun, Bidasoaldean anbulantzien zerbitzuak ematen duten langileak deituta -teknikoak, medikoak eta erizainak- bilera bat izan genuen Kultur etxean. Bilera hartan, Eusko Jaurlaritza planteatzen ari den murrizketen berri eman ziguten. Haiek esandakoaren arabera, murrizketa horiek hobekuntzak bezala saldu nahi ditu EJk, eta saiatuko gara agertzen nola litekeen hori.

Gaur egun, emergentzietarako bi anbulantzia daude Bidasoaldean, biak  bizi-euskarri oinarrizko anbulantziak (BEO). Hauek, bakarrik, teknikoak dute, ez erizainik, ez medikurik, eta zerbitzua Irun eta Hondarribiari bakarrik ematen diote -75.000 biztanle-, salbuespenak-salbuespen.

EJk nahi duena da hauetako bat kendu eta erizaina izango duen anbulantzia jarri, beraz, hobekuntza dirudi, baina hemen dago tranpa, edo hala adierazi ziguten. Azken honek ez lioke bakarrik Bidasoaldeko biztanleriari zerbitzua emango, Hondarribitik Donostiarainoko jendarteari baizik -250.000 biztanle-. Honela, bigarren anbulantzia hori Donostiako zerbitzu bat egiten ari baldin bada, Bidasoaldean bakarra gelditzen da.

Joan den astean, ostegunean hain zuzen, langileak deituta eta udaleko talde guztien laguntzarekin, prentsaurreko bat eman behar zen udalean, baina egun bat lehenago, prentsaurrekoa bertan behera gelditzen zela jakin genuen, inolako argibiderik gabe. Bagenekien, halere, Hondarribiko eta Irungo alkateek EJko Administrazio eta Finantzazio Sanitarioko sailburuordearekin egotekoak zirela.

Gaur, bi alkateek prentsa ohar bat kaleratu dute, esanez, bilera egin dutela aipatu sailburuordearekin eta esan omen die “anbulantzien zerbitzuen inguruko hobekuntzen erabakiak hausnarketa garaian daudela. Beraz, oraindik ez da erabakirik hartu”.

EH Bilduk, orain arte, gai honi buruz ezer argitaratu ez badugu, bilera hartan zerbitzuaren langileen esku gelditzea erabaki zelako izan da, gauza bat erabakitzen denean errespetuz jokatzea bidezkoa dela baiteritzogu.

Hona hemen, bi alkateek ateratako prentsa oharra, eta hemen Eusko Jaurlaritzak ateratakoa.

Etiquetas: