Iñaki Bilbaok 30. egunean gose greba utzi du

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi nahi du Iñaki Bilbaok gaur utzi dituela maiatzaren 28tik mantendu dituen gose greba eta itxialdia.

Gose grebaren 30. eguna zuen gaurkoa, eta bere gorputzak egunak zeramatzan hartzen zuen ura asimilatu ezinik eta, ondorioz, hidratatu gabe. Itxialdia ere bertan behera utzi duenez, hurkoei telefonoz deitzeko aukera izan du eta helarazi die fisikoki ahul badago ere psikologikoki indartsu sentitzen dela.

Gogora ekarri behar dugu Txikitori lehenengo graduaren lehenengo fasea aplikatu diola Puerto III-ko kartzelak, ezarri daitekeen bizi baldintzarik gogor eta murriztaileena. Honi batzen badiogu zenbaketetan kartzelarien aurrean ez altxatzeagatik etengabe ezartzen dizkioten parteak, Txikitok egunean 22 ordu pasako beharko ditu ziegan eta patio txiki batean onartutako bi orduak bakarrik ala gehienez jota beste preso batekin igaro beharko ditu.

Aipatu beharra dago ere bere senide batekin eta beste hiru hurkorekin debekatu diotela inolako komunikaziorik izatea, telefonikoa, gutunezkoa zein bisitazkoa. Modu honetan, Iñaki kartzelarekin zerikusirik ez daukan edozein eta edozergatik guztiz isolatu nahi dute.

Txikitok 33 urte daramatza kartzelan, haietako gehienak isolamendu galeriatan eta azken 10ak, zehazki, Puerto III-ko galerietan. Bere militantziaz ez arnegatzeagatik zigortzen ari dira, hau da, independentzia eta sozialismoaren aldeko apustua egiten jarraitzen duelako. Hori dela eta, gehien estutu dutenean bere militantzia zigortzeko, ekin dio Iñakik independentzia eta sozialismoaren aldeko borrokaldi honi.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak berrezarpen azkarra opa dio Txikitori eta azpimarratu nahi du kartzelaren aurrean mantentzen duen jarrera gure militantziarentzat umiltasun eta eskuzabaltasun eredu dela. Borrokak kalean jarrai dezala.

Etiquetas: