500 lagun inguruk eraman dituzte curriculumak XX.Enpleguaren Astera

Enpleguaren Astearen XX.edizioa izan da gaur Ficoban. Bidasoa bizirik-ek urtean antolatzen dituen ekimen nagusietako bat da. Bertan, kontratatzeko erraztasunak ematen zaizkie eskualdeko enpresei, eta lanpostu bat aurkitzeko aukerak, langabeei.

Oraingoan, 500 lagun inguru hurbildu dira, goizean zehar, Ficoban burutu den azokara.

Hiru espazio ezberdin
XX.edizioan, 2016an burututakoan bezala, hautatze enpresa eta entitateei eskainitako espazioa egon da. Bertan, interesa zutenek enplegua bilatzeko eskaintzak eta zerbitzuak ezagutu ahal izan dituzte, aldez aurretik izena eman beharrik gabe. Enpresek hautagaitzak jaso dituzte, eta elkarrizketa pertsonalak egin dituzte. Gune horretan izan dira, era berean, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua eta Lanbide-Eures, atzerrian lan egiteko aukerak eskainiz.

Bestalde, eta berritasun gisa, Linkedin sare sozial profesional handienari eskainitako espazioa egon da. Teknikari aditu batek dinamizatu du espazioa, parte hartzaileen talentua indartzeko gakoak eman dituena, era pertsonalizatu batean. CVak eguneratu ahal izan dituzte, baita ere.

Bukatzeko, hirugarren espazioa eskualdeko Formazio Zentroei zuzendua izan da, enplegurako eta formaziorako duten eskaintza aurkeztu ahal izateko. Guztira, 32 entitate publiko eta pribatu egon dira.

Mugaz gaindiko azoka
Azken urteotan, azokaren mugaz gaindiko izaera indartzeko lan egin izan da. Iparraldeko entitateen artean azpimarra daitezke Pole d'emploi (Frantziako enplegu zerbitzu publikoa), eta eskaintzen bitartekari lana egiten duten zenbait enpresa.

Etiquetas: