Badatoz #brigadak2017, BORROKAK UZTARTZEN!

Askapena 1987an Iraultza Sandinistaren epeletan sorturiko euskal erakunde internazionalista da. Herrion arteko joan-etorriko elkartasuna bultzatzen dugu, Euskal Herria eta gainerako herri langile eta zapalduekin zubiak eraikiz.

Aurtengo brigada kanpainan, azken urteotako dinamikarekin jarraitzea da gure asmoa. Alde batetik, Abya Yalako prozesuen jarraipena egingo dugu hauek bizi duten egoera ezegonkorrari aurre egin eta Argentina/Uruguai, Bolibia, Brasil, Mexiko eta Venezuelan dauden erresistentzia esperientziak ezagutzeko. Hauei Kubarako brigada gehitu zaie aurtengoan.

Bestalde, Europan, Herrialde Katalanetako brigadarekin batera, berrikuntza gisa, Bretainia-ZAD eta Italiako brigadak ere burutuko ditugu, Kapitalaren Europan herri zapalduetatik sortzen diren alternatibak ezagutarazteko.

Azkenik, urtero legez, Palestinara ere brigada izango dugu, sionismorik gabeko Euskal Herria sortze bidean palestinar erresistentzia ezagutu eta Euskal Herrian BDZ kanpaina zabaltzeko.

30. urteurren honetan Askapenatik borrokak uztartzen jarraitzeko asmo garbia dugu, eta horrexegatik antolatu ditugu beste behin ere brigadak munduko prozesu emantzipatzaile ezberdinak ezagutu eta gerora Euskal Herrian ezagutzera emateko. Horrela, Euskal Herriko internazionalista guztiei dei egiten diegu gurekin batera brigadetan parte hartu eta Euskal Herriko borrokak gainontzeko herrietako borrokekin uztartzeko.

Gora Euskal Herria Internazionalista!
30 urtez borrokak uztartzen!

Lehengo urteko brigadak: #brigadak2016

Etiquetas: