Lezoko sutea dela eta, Eguzkik salatu du Pasaiako Portuan segurtasun-, ingurumen- eta osasun-neurriak eskasak direla

Atzo Lezon gertatu zen suteak berriz ere utzi du agerian Pasaiako Portuko Agintaritzak segurtasuna bermatzeko eta era guztietako kutsadura eragozteko edo gutxitzeko hartu dituen neurriak eskasak direla.

Algeposa Grupok edo Sobrinos de Manuel Camara S.A.k aire zabalean, estalperik gabe, duten txatar piloetako batean gertatu zen sutea.

Erakundeetatik etengabe lasaitasun-mezuak zabaltzen saiatu diren arren, atzo gertatutakoa benetan larria izan zen. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun eta Oasun sailek Lezoko, Pasaiako eta Donostiako Mirakruz eta Ulia auzoetako bizilagunei badaezpada etxeko leihoak ixteko eskatu behar izan zieten, txatarrari zerion kearekin ez pozoitzeko. Hodei toxikoa hamarnaka kilometro zabaldu zen Gipuzkoako kostan barrena.

Hamaika izan dira urtetan eskaera sozial zein instituzionalak txatarra, pentsuak, aleak eta, oro har, soltean ekartzen diren produktuak, aire zabalean kudeatu beharrean, estalpean eta itxita kudeatu daitezen, segurtasunaren, ingurumenaren eta Portu inguruko herritarron osasunaren mesederako.

Portu eta Merkataritza-Nabigazioko Legeak dioenez, ingurumenarekiko kezkak zipriztindu behar ditu Portuko atal eta jarduera guztiak… azpiegiturak, instalazioak, zerbitzuak… Gauza bera diote Nazioarteko Itas Erakundeak eta Itsas Portuetako Europako Erakundeak (ESPO).

Horregatik, Eguzkik eskatzen dio Pasaiako Portuko Agintaritzari Europako gainerako portuetan ingurumena zein osasun publikoa babesteko ohikoak diren neurri prebentibo eta zuzentzaileak har ditzala, atzo bezalakorik berriz ere ez gertatzeko. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Oasun Sailari ekatzen diogu atzoko sutean emititutako substantziak identifikatzeko eta, oro har, hodei toxikoaren arriskua behar bezala aztertzeko.

Eguzki

Etiquetas: