Inauteriekin ekingo dio Kemen-ek urteko egitarauari

Irungo Inauterietan edukiko ditu Kemen Dantza Taldeak 2018 urteko lehen hitzorduak. Otsailaren 3an Kauteretan parte hartu zuen. Otsailaren 10ean, Euskal herri Inauteria plazaratuko dute Kemen-en harrobi den Adaxka Dantza Taldeko haurrek. Otsailaren 10ean, Puska Biltzea egingo du helduen taldeak, Olaberria auzoko baserrietan zehar.

Otsailak 10, larunbata - Euskal herri Inauteria
Euskal Herriko inauteri festetako errepertorioa lantzen du Kemen-en harrobiak, Adaxka Dantza Taldeak, beste dantzen artean. Inauteri asteburuko larunbatean, ikuskizun bihurtzen du Irungo hainbat gunetan.

Aurten Altsasuko Inauteria (Nafarroa) ekarriko dute, momotxorroen eta gainerako pertsonaia multzo aberatsaren parte hartzearekin. Altsasuko Inauteriak 1930eko hamarkadan galdu ziren, eta 1980ekoan berreskuratu zituzten. Pertsonaia nagusiak  momotxorroak dira: ardi larruak daramatzate bizkarrean, adarrak buruan, eta aurpegia, estalirik. Odolez zikindutako mantalarekin, sardearekin eta lepoko zintzarriarekin ibiltzen dira kaleetan zehar, oihuka eta izua eraginez.
 
200 haur inguru irtengo dira kaleetara, monitoreekin, helduen taldeko partaideekin, eta gurasoekin batera. 12:00etan hasiko da ibilbidea, Pio XII plazan. Zabaltzan eta San Juanen geldialdiak egingo dituzte, Erromes plazan bukatzeko.

Otsailak 11, igandea - Puska Biltzea
Irunen ohitura denez, zenbait elkartek nekazal inauterien tradizioari eusten diote  inauteri asteburuan zehar. Kemen Dantza Taldeak Olaberria auzoko baserri eta etxeak bisitatzen ditu igande goizez, bertako atariak garbituz, etxekoentzat erromeriak antolatuz, eta goizaldea goxatzeko puskak bilduz.

Irungo inauterietako ohituretan zaharrena da Puska Biltzea.  1936ko gerraren aurretik, baserriz-baserri eskean aritzen ziren gazteak inauterietan, Gabonetan edo Santa Ageda bezperan bezala. Abestu beharrean, dantza egiten zuten.

Hiriko zenbait elkartek 1970eko hamarkadaren amaieran berreskuratu zuten  ohitura hura. Baserritarren laguntzaz ikerketa lana egin zuten, gerraren aurretik Irunen Puska Biltzea nola egiten zuten argitzeko. Fandangoak eta arin-arinak dantzatzen dituzte taldeek baserrietan, trikitixaren eta panderoaren, edo txistuaren eta danbolinaren musikaz. Ondoren, baserritarrek emandako jakiak edo puskak biltzen dituzte,

Etiquetas: