Erlaitz, gazte eragile berria Irunen

Irungo gazte mugimendua eraldatu beharra dago. Begi-bistakoa da azken urteotan militantzia eta jardunak behera egin dutela. Egoerari buelta emateko borondatea egon den arren, helburua lortzea baino, okerrera egin du. Izan ere, beherakada egon dela diogunean ez gara kantitateaz soilik ari, baita beste gabezia ugariz ere.

Independentzia, sozialismoa eta feminismoa lortzeko konpromezutik, azken hilabete nahasien ondoren, hausnarketa, eztabaida eta konfrontazio askoren ondoren, honako ondoriora heldu gara: Irunen gazte-militantziarako espazio berri bat sortu beharra dugu, orain arte herrian izandako bideorria irauliz. Erabaki honek errezelo eta susmo ezberdinak sortu ditzakeela badakigu, eta azaldu nahi dugu ez dela ez beroan hartutako erabaki bat, ezta gehien gustatuko litzaigukeena ere, eta are gutxiago dagoeneko zenbait zurrumurruk diotena. Geure helburuekiko konpromezutik eta oinarri politiko iraultzaileetatik abiatutako ikuspuntu kritikoak, ohituta gauden mugetatik haratago joatera behartzen gaitu, egoerak berak marra gorri asko urratu baititu eta. Horrez gain, “Ernai” marka eta honek atzetik dakartzan gabeziak arazo honen parte diren heinean, erabaki honen bidez, Irungo gazte abertzale, sozialista eta feministak piztea ahalbidetuko dugula uste dugu.

Idazki honen bidez, Irungo herritarrei, Herri Mugimenduari eta bereziki, gazteriari, agente politiko eta sozial berri honen berri eman nahi diegu: ERLAITZ. Euskal Herri independiente, sozialista, feminista eta euskalduna helburu duen Irungo gazte biltzar iraultzailea. Klase perspektibatik errealitatea analizatu eta erreformismoa baztertuko duen lantaldea. Euskal Nazio Askapen Mugimenduari bere ekarpena egin nahi diona. Euskal preso politiko guztien askatasuna eskatuko duena, amnistia osoa ipar. Autonomia bermatzen duen gazte eragile bat, ez zatiketa bat nahi dugulako; baizik eta maila lokalean kritikotasuna bermatu nahi dugulako, estrategia nazionala hobetze aldera eta elkarlanean aritzeko prestutasunarekin.

Etiquetas: