Kepa Ordoki MHB Bidasoaldeko elkarte memorialista berria

Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan Elkartea sortu dute Irun, Hondarribia eta Hendaiako bizilagun talde batek. 2018. urtean, Kepa Ordoki Komandantearen heriotzaren XXV. urteurrena burutuko da eta efemeridea aitzakitzat hartuta, eskualdeak elkarte memorialista berri bat izango du.

Bidasoa bailaran askatasuna, demokrazia eta justizia sozialaren alde borrokatu edo bizitza eman zuten pertsonen oroitzapen historikoa berreskuratzea, eta hauen ideiei duintasuna ematea eta zabaltzea, elkarteak helburutzat du. “Egun, ez dago biktimen errolda definitiborik eta ez dakigu zenbat jende fusilatu zen edota zenbat pertsonek jasan zuten errepresioa, are gutxiago Behe Bidasoa eskualdean”. Gizatalde ezberdinei aurpegia jartzen lan egingo du Kepa Ordoki MHB elkarteak.

Oroimen historikoak eskatzen duen errespetua ezinbestekoa da, herrien etorkizuna eta pertsona aske eta solidarioen garapenerako. Horregatik, elkarteak egiaren berreskuratze eta honen zabalpenean lan egingo du, “ikerketak, argazki, informazio edo testigantzen dibulgazioa, jardunaldi memorialistak eta behar beste diren ekintzak garatuko ditugu. Modu honen bidez bakarrik lortuko da biktimentzako eta armekin isilaraziak izan ziren pertsonen aldeko justizia egitea”.

Elkarteak 1936ko altxamendu faxistaz gain, frankismoa eta trantsizioa deituriko epe historikoak aztertuko ditu, hau da, 1936tik 1978ra. Beti ere, tokiko ikuspuntua eskainiz jorratzen diren gaiei.

Ordoki Komandantea
Batzaren helburuen artean Kepa Ordoki Vazquez Gernika Batailoiaren bizitza eta ibilbidea ezagutzera ematea dago. Gudari irundarrak Gipuzkoa, Bizkaia eta Santanderreko fronteetan borrokatu zuen, 24 urterekin, San Andres bataloiko kapitain gisa. 37an, atxilotu eta heriotzara kondenatu zuten. Azkenean, exekuzio kondena hau ez zen aurrera eraman eta Duesoko presondegian atxilotu zuten.

Duesoko kartzelatik eta Gurseko kontzentrazio esparrutik ihes egitea lortu ostean, Mexikora heldu zen 1942an. Bertatik, erresistentziarekin kontaktuan jarri eta, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz, espainia frankistan barneratuko zen armada baten formakuntzaz arduratu zen, baina Agirre Lehendakariak eta Ordoki berak suizidatzat jo zuten operazioa. Honenbestez, aliatuen esku gelditu zen Gernika Bataloia, II. Mundu Gerran, Kanpotarren eta Marokoarren 8. erregimentu mistoaren barruan.

1945eko apirilaren 14ean, Ordokik fronte atlantikoa askatzeko agindua jaso zuen. Montaliveteko (Point de Grave) Naziak irtenarazi zituzten, Garona ibaiaren ezkerraldean.

“Balio moral eta militar” handiko ekintza honegatik, zilarrezko izarra zuen gerra gurutzea ezarri zioten eta Gernika Bataloia eta Ikurriña ohorez eta militarki agurtu zuen De Gaulle generalak pertsonalki. “Komandante. Frantziak ez du inoiz ahantziko euskaldunek herrialdea askatzen egindako esfortzu eta sakrifizioak”, esan zion.

Etiquetas: