Grafiti lehiaketa, gazteen sorkuntza artistikoa sustatuko du Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak

“Egunsentia edo ilunabarra Txingudi Badian” da Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak antolatu duen mugaz gaindiko grafiti lehiaketa. 16 eta 30 urte arteko gazteei zuzendutako lehiaketa da.

Ekimenaren helburuak dira, alde batetik, eskualdeko artista gazteei haien lanak erakusteko aukera ematea, eta bestetik, sorkuntza artistikoa sustatzea, gazteen artean. Horretarako, irabazleak bozetoa Bidasoako Interpretazio Zentroko sarrerako pertsianan margotu beharko du. Horrela, irudi aktuala eta freskoa emango zaio, eta leku berean bestelako pintadak egin daitezen ekidingo da.

Parte hartzeko modua
Parte hartzaile bakoitzak bozeto bat aurkeztu behar izango du, tamaina txikian. Proposamenak sinadurarik gabe aurkeztu beharko dira, gutun azal itxi batean. Barruan, beste orri bat erantsi beharko da, egilearen izen-abizenekin, jaiotze datarekin eta grafitia egiteko beharko duen materialarekin.

Marrazketa paperean aurkeztuko dira bozetoak, 24 zm luze x 32 zm zabaleko tamainarekin. Irabazleak bozetoa benetako tamainan egin beharko du, hilabete bateko epean, Bidasoko Interpretazio Zentroko sarrerako pertsianan, 3 m luze x 4m zabaleko gehieneko tamainarekin.

Martxoaren 28an baino lehen aurkeztu beharko dira bozetoak, Bidasoko Interpretazio Zentroan (Iparralde hiribidea, 63, Irun) asteartetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara, edo Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren egoitzan (Kostorbe eraikina, 1.go solairua, Iparralde hiribidea, Irun).

Saria eta epaimahaia
200 euroko sari bakarra emango da. Mugaz Gaindiko Patzuergoko Zuzendaritza Batzordean hiru udalek (Irun, Hondarribia, Hendaia) dituzten ordezkariek osatuko dute epaimahaia. Irabazleak grafitiaren inaugurazioaren egunean jasoko du saria.

Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoa izango da saria irabazten duen eta benetako tamainako grafitiaren jabe.

Etiquetas: