EAJk, SPIk eta EH Bilduk atzo Plaiaundiko kirol instalazioen trasladoaren inguruan hartutako erabakiak argitzen dituzte

Irungo bozeramaile bilera egin da gaur goizean urtarrilaren 10ean definitu ziren Plaiaundiko kirol instalazioen trasladoaren inguruan gelditzen ziren 4 alternatibetan lan egiten jarraitzeko.

Ostiral honetako bileran mahai gainean dauden alternatiben kostu eta ezaugarriak zehazten dituen dokumentua jorratu da (Zubieta II, Txenperenea, San Miguel-Anaka eta Beko Errota). Bileran udal talde guztiek hartu dute parte, ondorioen zatira iritsi arte non PPko bozeramaileak alde egin duen.

Ordu batzuk geroago, bozeramaile bileran hartutako konklusioekin zer ikusia duten adierazpen manipulatu batzuk filtratu dira prentsara. PSE-EE jarraian agertzen den errelatoarekin bat ez datorren talde bakarra denez, ondorioztatzen dugu Jose Antonio Santano gertatutakoarekin trikimailuetan ibili dela hiritarrak engainatzeko asmoz.

Alternatibak behin aztertu eta eztabaidatu ondoren, alkate jaunak bi kokapen lehenestea planteatu du: Zubieta II eta Txenperenea, gainontzeko biak, beraz, deskartatuz (San Miguel-Anaka eta Beko Errota).

Une honetara iritsita, deskartatu gabeko aukeren artean (Zubieta II eta Txenperenea) erabaki da Zubietaren aukeraren bideragarritasuna baloratzea. Hemen gogoratu behar da eremu hau idazten ari den konpatibilizazio plan baten parte dela, hortaz, eremu honetan egin nahi diren aldaketa guztiak instituzioen artean adostuak izan beharko dira.

Era berean, bozeramaile bileran trasladoen erabakia lehenbailehen eta adostasunez egin behar dela hitzartu da, zalantzarik gabe, hauxe izan behar baita kirol instalazioen kokapenaren gaia jorratuko den azken agintaldia. Azkenik, alde guztiek hurrengo bozeramaile bilera batean urratsak emateko konpromisoa hartu dute.

Etiquetas: