Irungo EH BILDU zentsura mozioaren aurrean

Gaurko oharraren zergatia aurreko astean SPIk eta EAJk eginiko adierazpenak dira. Duela egun batzuk, zentsura mozioaren gaia berriz ere komunikabideetan ikusi ahal izan genuen, eta beraz, gure taldeak bere hausnarketa propioa konpartitu nahi du zuokin eta herritar guztiekin.

Egia da, zentsura mozio hitza esaten lehenengoak izan ginela. Guk garbi hitz egin dugu beti, gure ustez, PSEren eredua agortuta dago eta bada garaia Santano Jauna alkate berri bat izateko. Irungo herriak bultzada berri bat behar du, haize berri eta freskoak behar dira, ilusio berriak, …eta hori bakarrik lortuko da udal gobernu hau aldatzen badugu. Gure taldetik, beraz, lan honetan jarraituko dugu, herritarrei erakusteko beste eredu batzuk egon badaudela, eta EHBilduk irundarron ongizatea hobetuko duen ereduan lanean ari garela.

Pasa den urtarrilean ate bat ireki zen udaletxe honetan gehiengo alternatibo bat osatzeko. Alternatiba hori osatzeko, nahita ez SPI eta EAJrekin egin beharko litzateke, eta horrek, noski, zailtasun asko dakartza, gehienbat gure proiektuak ezberdinak direlako.

Baina ezberdintasun horren jabe izanda, duela hilabete batzuk lanean hasi ginen ea amankomuneko oinarri bat eraiki genezakeen aztertzeko. Hilabeteak pasa dira, lan hori egin dugu, eta gehiengo berri hori osa dezaketen taldeekin hitz egin ondoren zera esan nahi dugu:
    - Zentsura mozioa duela hilabete batzuk posible zen, eta posible izaten jarraitzen du, baina egia da ere, margena astetik astera murrizten doala, hauteskundeak 8 hilabete barru izango baitira.

    - Irungo EHBildun beti esan dugun bezala, argiak eta koherenteak izaten jarraituko dugu, eta gure hiru zinegotzion bozkak zentsura mozioaren alde jartzen ditugu gehiengo alternatibo hori osatzeko.

    - SPIren adierazpenak entzun ondoren, EAJk dauka azken hitza. Talde honek dauka giltza, EAJri dagokio azaltzea zein den bere posizionamendua zentsura mozioaren aurrean.

Beraz, argi dago aldaketarako aukera egon badagoela. Irungo EHBildun garbi dugu Irun anitza dela, eta aniztasun horren baitan lan egingo dugu, ezberdinen artean, Irun hobe bat egiteko. Irun bergidatzeko forma eta aukera  berriak daude, eta horretarako herritarren gehiengo zabal baten ilusio eta babesarekin kontatzen dugu.

Etiquetas: