IV. Foro Soziala Ficoba (Irun) 2018-01-26/27

Gaur, aldeanitzeko keinuen aste bat itxi dugu. Gatazkaren ondorio ezberdinak konpontzeko pausuak ematen ari badira, gizarte zibilaren indarrari esker da, bizikidetza agertoki berri batean konprometituta dauden Sare eta Etxerat entitateen eta sindikatu guztien lanaz bultzatuta.

Pasa den 2017ko martxoaren 10ean Donostian IV. Foro Soziala egin genuen, “Arrazoi politikoengatik preso edo ihesean dauden pertsonen birgizarteratzea erraztea” goiburupean.

Orduan, Foro Sozial honek bigarren parte bat izango zuela iragarri genuen. Eta gaurkoan, hain justu, bigarren partea aurkeztera gatoz. Oraingoan, zehazki, bi gai jorratzeko asmoa dugu:
     - Ihesean eta deportazioan dauden pertsonak
     - Hiru kolektiboen gizarteratzea: presoak, iheslariak eta deportatuak, bakoitza bere ezaugarri propioekin.

Bigarren parte hau datozen urtarrilaren 26an (16:30-19:30) eta 27an (9:30-13:30) egingo da Irungo FICOBAn.

2013an lehen Foro Sozialetan landutako gomendioen artean, zazpigarrenak horrela zioen: “Ihesean dauden pertsonen egoera aztertzea gomendatzen dugu, gizarteratzeko bideak arakatuz, irtenbideak bilatzea helburu”

Gomendio honi erantzunez, eta Bake Bidea elkartearen eskutik, iheslariek Euskal Herrira itzultzen hasteko erabakia hartu zuten, eta 2013tik 125 bat pertsona beraien herrietara edota auzoetara itzuli dira. Honen ondorioz, ihesean dauden pertsonen kopurua asko murriztu da, baina oraindik pertsona ugari daude egoera honetan.

Erronka honi heltzeko asmoz, Foro Sozial Iraunkorrak pasa den urriaren 2an Iheslarien Kolektiboaren ordezkaritza batekin bildu zen Irunen. Bileraren helburua Kolektibo honen egoera lehen eskutik ezagutzea izan zen eta horrela jakin izan ahal genuen gaur egun 85-100 lagun daudela egoera honetan. Horietako 20 deportazio egoeran. Gehienek 60 urte baino gehiago dituzte, eta horietako asko gaixotasun larriekin edo ez hain larriekin bizi dira.

Juridikoki, segurtasun eza da nagusi, pertsona hauei buruz Auzitegi Nazionalean dauden  artxiboak eskuratzea ukatzen baitzaie abokatuei.   

Gatazken konponbiderako Nazio Batuek sustatuko DDR prozesuaren arabera, lehendabizi armagabetzea egin behar zen -eta eginda dago-, ondoren desmobilizazioa -hurrengo hilabetetan egingo da- eta hirugarrenik, preso edo ihesean dauden militanteen gizarteratzeari heldu beharko litzaioke. Baina horretarako adostasun sozial eta politiko ahalik eta inklusiboena eta transbertsalena erdiestea beharrezkoa da. Horrek ahalbidetuko luke gizarteratzeak erakarriko lituzkeen ondorioei heltzea, hau da, pertsona hauen eskubide sozial eta zibilen bermatzeari heltzea.

Hau da, hain zuzen, IV. Foro Sozialaren bigarren partearen helburu nagusia.

Ostiral arratsaldean “Preso edo ihesean dauden pertsonen erabateko birgizarteratzea“ gaia landuko dugu.

Larunbat goizean “Ihesean dauden pertsonak: euskal kasuaren gaur egungo erradiografia eta beste herrialdetako esperientziak” gaiaz arituko gara, bai iheslarien kasuak aztertzen eta baita deportatuen kasuak ere. Gai hau lantzeko. mahai inguru bi egingo ditugu: Lehena “Iheslariak: gaur egungo egoera eta beren itzulera ahalbidetzeko bideak” izenburuarekin eta bigarrena “Deportazioa: pertsona zigortuak, eskubiderik eta legerik gabe”

Jardunaldi bietan, nazioarteko adituen eskutik beste herrialdetako esperientziak ezagutuko ditugu eta, era berean, abokatu penalisten parte hartzea egongo da, iheslari ohien lekukotzak, arlo honetan Euskal Herrian lan egin diren elkarteen ekarpenak, etab.

Hurrengo egunetan programaren zehaztapen guztiak emango ditugu.

Edukia mugatua denez, saio hauetan parte hartzeko izen ematea egitea ezinbestekoa da, inskripzioak.forosoziala@gmail.com helbidean.

Foro Sozial Iraunkorra

Etiquetas: