Eva Campo Müller bekak martxan dira

ECM elkartetik, Sara-ko lurraldean tokiko garapen komunitarioko proiektuak sustatzeko, 5.000 € bekak jarri dira martxan lehen aldiz. Irabazleak 6 hilabetean burutu beharko du aurkezturiko proiektua.

Eva Campo, bere bizi-poza gure artean zabaldu zuen pertsona izan zen. Bere ingurunearekin zuen konpromisoa askotan erakutsi zuena, eta horren isla, pertsonen bizia hobe egiteko, berrikuntza sozialean eta tokiko garapenean oinarrituta martxan jarri zituen proiektuak. Bizitza labur eta intentsua, baina gure ustez, hemen gaudenontzat irakaspen asko utzi zituena. Irakaspenak eta “egiteko modu bat”, izpiritu bat.

Horixe da hain zuzen, beka hauen xedea. Tokiko garapen komunitarioan oinarrituriko egiteko modu hau sustatzea. Honetarako hain zuzen aliatu dira Eva Campo Müller elkartea eta Sara-ko udala,egiteko modu hau era praktikoan sustatuko duten proiektuak 5.000€-ko beka baten bidez finantzatzeko.

Proiektuaren ezaugarriak
Aurkezturiko proiektua tokiko garapen komunitarioaren paradigmaren baitan lan egingo dutela iritziko da, dimentsio hauek bere baitan hartzen baditu

    -Eskala: Aurkezten diren proiektuek, Sarako ehun sozio-ekologikoa hartu beharko dute kontuan, hau da kasu honetan proiektuaren subjektu eta objektu. Hemen, proiektuak instituzio publikoak, komunitarioak eta ekonomikoak aintzat hartzea hobetsiko da

    -Parte hartze kolektiboa: Goikoari loturik, proiektuaren diseinu partekatu (edo ekarpenak egiteko) eta gauzatze kolektibo baterako proposamena izan beharko du.

    -Gaitasun erresilientea: Lurraldearen konplexutasuna aintzat hartzeko gaitasuna ukan behar du prozesuak, eta prozesuan egokitzeko gaitasuna eta neurriak aurre-ikusi beharko ditu

    -Izaera prozesuala: Ahal den heinean proiektuak tokiko dinamiken tendentziak aintzat hartu eta proiektua amaitzen denean jarraipena ukanen duten harreman sare eta komunitateak egonkortzea bilatu behar du

    -Bizitzaren erdigunea: Tokiko garapen komunitarioak ortzi muga bezala, eta berrikuntza sozialak ikuspuntu bezala, pertsona eta naturaren bizitzaren mantentze eta hobetzea ditu helburu orokortzat. Hala, proiektuak argi utzi beharko du zein izanen diren proposatutako proiektuarekin aseko diren beharrak, edo hobetuko diren Sarako biztanleen aspektuak

Aurkeztu beharrekoak eta erabakitze prozedura
Proiektuak aurkezteko kontuan hartu beharko da:
    -Proiektuari aurre egiteko proposamena: helburuak, metodologia eta kronograma bertzeak bertze aurkeztuko dira

    -Hautagaiak euskaraz eta frantsesez lan egiteko gai izan beharko du

    -Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa, nortasun agiriaren kopia eskaneatua eta kurrikuluma bidali beharko du

Proiektuak    2018ko    maiatzaren    31era    arte    bidaltzen    ahal    dira    helbide    hauetako    batera:

    evacampomuller.elkartea@gmail.com

    Eva Campo Muller elkartea – Anaka kalea, 20 – 20301 IRUN


Erabakiari dagokionez:
    -Eva Campo Müller elkarteak osatutako epaimahai batek aztertuko ditu eta erabakiko du haien artean zein den irabazlea (Eticoop-eko kide batek, Hiritik At-eko kide batek, Farapiko kide batek, Eva Campo Muller elkarteko kide batek, eta Sarako herriko etxeko bi kidek)

    -2018ko ekainaren 30a aitzin emanen da ezagutzera bekaren irabazlearen izena. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe uzten ahal du epaimahaiak.

Irabazleak, izendapena jaso eta 6 hilabeteko epea izanen du, gehienez, lana amaitzeko eta amaierako txostena Eva Campo Müller eta Sarako herriko etxeari helarazteko


OINARRIAK
Eva Campo Müller elkarteak lehen urtez eta Sarako herriko etxearen laguntzarekin, Eva Campo Müller beka abiatzea erabaki du, berrikuntza sozialean oinarrituko diren tokiko garapenerako proeiktuak sustatzeko asmoz.

1. Beka honen xedea Saran gauzatuko den tokiko garapenerako proiektu bat diseinatzea eta/edo abian jartzea izanen da. Eva-k berak, tokiko garapena berrikuntza sozialari hertsiki lotua ulertzen zuen. Tokiko garapen komunitarioa eskualdeetako pertsonen bizitzak hobetzeko prozesu holistiko bezala, eta berrikuntza soziala, prozesu hori kolektiboki diseinatu eta gauzatzeko ikuskera moduan. Azken ikuspuntu horrek lau osagai nagusi ditu: lurraldea, prozesua, kolektibotasuna eta bizitzaren erdigunea. Lurraldea da tokiko garapena pentsatzeko eskala. Eskualdeko sare sozio-ekologikoa aintzat hartzen duen heinean, lurraldea da subjektu eta objektu, egile eta prozesuaren onuradun. Prozesua, ez delako hasiera eta amaiera argia duen esku-hartze estatiko bat, baizik eta lurraldearen konplexutasunarekiko erresilientea izanen den mugimendu kolektibo eta aldakor amaigabe bat. Kolektiboa, lurraldea osatzen duten sare humanoak direlako, prozesuaren diseinatzaile, gauzatze subjektu eta onuradun. Hala, berrikuntza soziala, inguru sozio-ekologikoaren konplexutasunarekiko aldakor izanen den prozesu kolektiborako ikuskera da, tokiko garapen komunitarioaren ortzi mugarantz mugimendu etengabea. Pertsona zein naturaren bizitzaren kalitatea erdigunean duen ikuspuntu eta proposamena.

Hortaz, aurkezten diren proiektuek honako xede hauek izan beharko dituzte kontuan:

    -Eskala: Aurkezten diren proiektuek, Sarako ehun sozio-ekologikoa hartu beharko dute kontuan, hau da kasu honetan proiektuaren subjektu eta objektu. Proiekturen aurkezlea eta koordinatzailea prozesuaren bide lagun izan beharko du. Eremu sozialean, kontuan hartu beharko du lurraldea hiru eremu nagusitan antolatzen dela, hots, eremu instituzional-publiko, ekonomiko eta komunitarioan.

    -Parte hartze kolektiboa: Goikoari loturik, proiektuaren diseinu partekatu (edo ekarpenak egiteko) eta gauzatze kolektibo baterako proposamena izan beharko du. Tokiko garapenaren ikuspegitik, bereziki interesgarria izanen da prozesuan eremu instituzional, ekonomiko eta komunitarioak artikulatzea, eta horretarako antolaketa eta harremanerako marko egokiak proposatzea.

    -Gaitasun erresilientea: Lurraldearen konplexutasuna aintzat hartzeko gaitasuna ukan behar du prozesuak. Hasieratik Sarako agente eta errealitate konplexuen kontzientzia ukan beharko du, baita garatze prozesuan egoten ahal diren aldaketa eta baldintza aldaketei egokitzeko borondatea eta tresnak ere.

    -Izaera prozesuala: Ahal den heinean proiektuak tokiko dinamiken tendentziak aintzat hartu eta tokiko garapen komunitarioaren bidean hauek indartzeko gaitasuna ukan behar du. Hots, proiektua Sarako errealitateari egokitu behar zaio, eta saiatuko da, proiektua amaitzen denean jarraipena ukanen duten harreman sare eta komunitateak egonkortzen.

    -Bizitzaren erdigunea: Tokiko garapen komunitarioak ortzi muga bezala, eta berrikuntza sozialak ikuspuntu bezala, pertsona eta naturaren bizitzaren mantentze eta hobetzea ditu helburu orokortzat. Hala, proiektuak argi utzi beharko du zein izanen diren proposatutako proiektuarekin aseko diren beharrak, edo hobetuko diren Sarako biztanleen aspektuak.

2. Partehartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu:

    a) Proiektuari aurre egiteko proposamena: helburuak, metodologia eta kronograma bertzeak bertze. Hautagaiak euskaraz eta frantsesez lan egiteko gai izan beharko du.
    b) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa, nortasun agiriaren kopia eskaneatua eta kurrikuluma. (Egileei buruzko informazioa Elkarteak gordeko du erabakia hartu arte, eta epaimahaiko kideek ez dute jakinen haien berri).

3. Proiektuak 2018ko maiatzaren 31era arte bidaltzen ahal dira helbide hauetako batera: evacampomuller.elkartea@gmail.com
Eva Campo Muller elkartea – Anaka kalea, 20 – 20301 IRUN

4. Jasotako proiektu guztiak Eva Campo Müller elkarteak osatutako epaimahai batek aztertuko ditu eta erabakiko du haien artean zein den irabazlea. Epaimahaia honako elkarte edo erakundeetako lagunek osatuko dute: Hiritik At-eko kide batek, Farapiko kide batek, Eva Campo Muller elkarteko kide batek, eta Sarako herriko etxeko bi kidek. Elkarteak hala erabakiz gero, epaimahairako bertze kide bat proposatu ahal izanen du, bertze eragile baten ordezkari izanen dena. 2018ko ekainaren 30 aitzin emanen da ezagutzera bekaren irabazlearen izena. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe uzten ahal du epaimahaiak.

5. Beka 5.000 eurokoa izanen da -legez egin beharreko atxikipenak barne- eta Eva Campo Müller elkarteak ordainduko dio irabazleari era honetara: bekaren diru-kopuruaren %60, irabazle izendatu ondoren, eta beste %40, proiektua amaitua, txostena entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan.

6. Irabazleak, izendapena jaso eta 6 hilabeteko epea izanen du, gehienez, lana amaitzeko eta amaierako txostena Eva Campo Müller eta Sarako herriko etxeari helarazteko. Proiektua gauzatzeko jarraipen batzorde bat osatuko da zeinetan hurrengoak egonen diren:

    –   Sarako herriko etxeko ordezkariak

    –   Eva Campo Müller elkarteko ordezkariak

    –   Bekaren irabazlea

Jarraipen batzordearen funtzioa proiektuaren gauzapenaren koordinazioa burutzea izanen da.

Jarraipen batzordearen bileren maiztasuna prozesuan bertan definituko da.

Jarraipen batzordeak proiektua moldatzeko eskubidea izanen du.

Proiektuaren gauzapenerako beharrezkoak izanen diren baliabideak jarraipen batzordeak lortu beharko ditu.

Jarraipen batzordeak beharrezkoak diren baliabide komunikatiboak landuko ditu.

7. Irabazleak bere lana behar bezala egiten ez badu edota amaierako txostena aurkezten ez badu, itzuli egin beharko du jasotako dirua.

8. Proiektuan zehar sortutako dokumentu eta baliabideek lizentzia irekia izanen dute, baina irabazle/egilearen izena eta Eva Campo Müller elkartearen izena agertu beharko dira.

9. Proiektuaren emaitzak Saran bertan eta Eva Campo Müller elkarteak erabakitzen duen bertze toki batean aurkeztu beharko dira. Aurkezpenaren antolaketaz elkartea arduratuko da, baina bekaren irabazlea izanen da bere lana aurkeztearen arduraduna.

10. Beka-deialdi honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Horien ulermenean zalantzarik balego, antolatzaileei dagokie erabakitzea.
Argibide gehiagorako: evacampomuller.elkartea@gmail.com

Etiquetas: