Hondarribiko EHBilduk Visesarekin adostutako akordioari ezetz bozkatuko dio

Ostegunean, hilaren 26ean, udalbatzako gaietako bat dugu PRESA I eta II proiektuak onartzeko, Visesa eta Hondarribiko Udalaren arteko hitzarmena onartzeko proposamena.

Hondarribiko EHBilduren  bozka, EZ-ezkoa izango da. Zergatik?
2015ean urtean onartu zuen EAEko Parlamentuak Etxebizitza Legea. Bertan, etxea, eskubide subjektiboa dela onartzen da eta etxe hutsak izatea ez dela zilegi, eta zigortuak izango direla jaso.

Hondarribia, leku gutiziatuta da eta ondorioz, espekulazio inmobiliarioa bizi dugu. Honek, ezinbestean, Etxebizitza Tokiko Plan Integrala osatzeari lehentasuna ematea eskatzen du, planifikazio eta kudeaketa argiari bide emateko.

Etxebizitza Plan horrek, lehenik eta behin, erabilgarri jarri beharko lituzke herrian hutsik dauden etxebizitzak: eta etxebizitza hutsez ari garenean, ez gara bigarren etxebizitzaz ari, edo alokatutako etxebizitzen gainean, ezta udatiarren etxebizitzez ere, udan bakarrik erabiltzen direnez. Etxebizitza hutsak dira, uda eta negu, urte guztian barrena, hutsik dauden etxebizitzak, inor bizi ez direnak (mila inguru dira). Ez zaio jaramonik egiten, ordea. Udal Gobernuak ez dio honi heldu nahi, etxebizitza politika sozialari aukera honi uko egiten dio, bide ematen dio baina, espekulatzaileekin hitzarmenak egiteari. Etxebizitza huts horiek merkaturatuko balira, ez legoke berriak eraikitzeko premiarik, eta munizipalak diren lursail horiek, herritarren aisialdirako erabili.

Bat gatoz alokairu sozialeko etxebizitzak sustatzearekin; ez ordea baliabide munizipalak edo lursail publikoak pribatizatzearekin; are gutxiago, zorrik gabeko udala dugunean, diru-poltsa potoloa duen udala dugunean.

Herri bizia nahi dugu, herritarrak ahalik eta ongien bizitzeko herria nahi dugu; ez dugu gure herria espekulaziogai izatea, neurririk gabeko hazkuntza inmobiliarioaren menpe.

Honegatik guztiagatik emango diozu EZ-ezkoa, Visesarekin hitzarmena egiteari.

Hondarribiko EHBildu

Etiquetas: