AHTaren aurkako Bizi Martxaren hirugarren kronika: Iruñea – Irurtzun (28, larunbata)

Bizi Martxaren hirugarren eguneko goiza Iruñerriko auzo zein herrietatik igaro da. Hainbat auzotatik pasatu ahala, gero ta txirrindulari gehiago batu da martxara, tropela kolorez jantziz. Maravillas Gaztetxetik abiatu eta lehenengo geldiunea Piparrika hiri baratzean izan da. Bertan tomate eta piperren artean, hiriaren bihotzean bertan, janari osasuntsu eta arduratsua auzolanaren bidez ekoiz daitekeela gogoratu digute.

Ilusioz beterik Etxabakoitz auzoraino hurbildu gara, nora eta AHTaren Iruñeko geltokia egin nahi duten lekura. Bertako bizilagunak urte askoz jasandako bazterkeriaz mintzo zaizkigu, proiektu suntsitzaile honek dakarren mehatxua nabarmenduz.
 
Etxabakoiztik atera eta Barañainen hamaiketako oparo eta alaia eskaini digute. Handik Sanduzelaiko tren geltokira hurbildu gara eta auzo elkarteak bertan tren geltokia geratzeko eskaera ezagutu dugu Etxabakoizko tren geltoki berriaren proiektuaren herri zilegitasuna auzitan jarriz.
 
Pixkanaka pixkanaka hiriburutik aldendu gara Berriozarko herrira hurbiltzeko. Nafarroan gaur egun geratzen diren bi “paso a nivel” etako batean gelditu gara. Urteetan zehar nahita mantendu den pasabide arriskutsu hau aitzaki bihurtu dute iruñerriko tren buklea kentzeko eta Etxabakoitzen inposatu nahi duten geltokia ahalbidetzeko.
 
Arazurin sekulako harrera beroa izan dugu bertako auzokide eta familien partetik. Haur, gazte zein agureen bizipoza eta indarrak batuz, bailaran AHTak sortuko lituzkeen kalteak ezagutu ditugu paella zoragarri baten inguruan. Bazkal ondoren AHTaren aurkako herri antolakuntzaz eta dinamikez aritu gara, itxaropena egunez egun eta herriz herri suspertu daitekeelakoan. Egunez egun gero eta gehiago garelako eta amalurraren oihartzunak hunkitzen gaituelako.

Oskiako zintzurrerako bidean Arakil ibaiak eskeintzen digun edertasuna AHTak ez digula izorratuko zin egin dugu. Bidea urratuz eta bizikletari eraginez, Irurtzuneko helmugara iritsi gara. Eta bizitza ere ospatzekoa denez, afari zein kontzertu zirraragarriaz alaituta, hirugarren etapa honi amaiera pozgarria eman diogu.

Etiquetas: