Juan Pedro Harokarene eta Emilio Castillo kartzelaratuak izango dira berriro

Irun eta Hondarribian bizi diren Juan Pedro Harokarene "Txanpi" eta Emilio Castillo Faisan Auzia bezala ezagutua izan den kasuaren barruan atxilotuak eta kartzelaratuak izan ziren bere garaian, beste hainbat irundar eta oiartzuarrekin batera. Espetxealdi epe ezberdinak bete ondoren kalea zapaldu ahal izan zuten guztiek aspaldiko partez.

Orain berriz, Joseba Elosua Behobiako Faisan Tabernaren jabea –eta kasu honen akusatu nagusia izan zena- hil ondoren eta Madrilgo Auzitegi Gorenaren aurrean aurkezturiko helegite bat tarteko, urte inguruko kartzela zigorra betetzera behartu ditu aipaturiko bi pertsona hauek, ateratako ebazpenean.

Hau dela eta, biziki kezkatuak dauden Juan Pedro eta Emilioren inguruko lagun batzuen ekimenez –bereziki Emilioren adina eta osasun egoera makala kontutan hartuta- BILERA IREKI BAT deitu dute bihar astelehenerako, arratsaldeko 19:00etan Peña kaleko Hazia Kultur Elkartean, haien babesa adierazteko eta kartzelaratze justifikatu ezin hauen aurrean erantzunak aztertzeko eta aurrera eramateko. Deialdi hau zabaltzera gonbidatzen dute, bide batez.

Iruzkinak

Nere ustez Txanpi Harokarene eta Emilio Castilloren kartzelaratze agindu berri hauek ez dira inolaz ere onargarriak. Alde batetik mendeku politikoaren garaiak atzean uzten joan behar dugulako eta bestetik bi lagun hauen giza eskubideak ez direlako kontutan hartu, holako erabakia, holako zigorra ezartzerakoan.

Txanpi Harokarene kirol kazetaria izan da bere bizitza guztian, ba al dira Bidasoa aldean beste kazetariak, lankide honen aldeko atxikimendua emateko gertu daudenak? Ba al dira Behe Bidasoa hontan bi lagun hauen aldeko atxikimendua emateko prest dauden kirolariak? Edota kirolari ohiak?

Ni ez naiz ez kazetari, ezta kirolaria ere. Elikagaiak banatzen dituen txoferra naiz. Baina Txanpi eta Emilioren kartzelaratzearen kontrako salaketa egiteko eta haien aldeko nere atxikimendu pertsonala emateko prest nago. Non apuntatuko naiz?

Juan Mari Arrozpide.