"Sagar moreen iraultza" Manifestazio-okupazio feminista Hernanin

Non: 
Hernaniko plaza
Data: 
Larunbata, Martxoa 14, 2015 - 21:00 -tik Igandea, Martxoa 15, 2015 - 20:55 -ra
Antolatzen du : 
Bilgune Feminista

Bilgune Feminista.- Martxoaren 14ean sagarrak more bihurtuko dira, kaleak beltzez jantzitako emakumez beteko dira eta gaua eta jaia danbor hotsez eta feminismoz jantziko dugu.
Martxoaren 14ean eraso sexistak salatzeko manifestazio-okupazioa egingo dugu Hernanin, gaueko 21etan aterako da plazatik. Eraso hauek eremu eta une ezberdinetan gertatzen dira, etxetik hasita, lantokiraino, hezkuntzatik jai giroraino. Ez da kasualitatea sagardotegi garaia aukeratu izana ekimen hau egiteko, askotan egin ditugu eraso sexistak salatzeko ekintzak eta oraindik ere beharrezkoak direla ikusten dugu.
Izan ere, sistema hetero-patriarkal honen ideologia gure baitan sartuta dugu eta aisialdian eta harremantzeko moduan ere erakusten ditu bere hatzaparrak. Jai giroan, taberna, txozna, sagardotegietan, kalean, normaltzat hartzen diren eraso sexista gehiegi gertatzen dira drogak aitzaki eta gu nazkatuak gaude. Nazkatuak begirada lizunak aguantatu behar izateaz, nahi ez dugunean ukituak izateaz, piropo inbasiboak entzun behar izateaz (ez dugu besteek gure gorputzen inguruan zer pentsatzen duten jakin nahi, inork ez dizue iritzirik eskatu), ezetz esan eta zer esaten ari garen jakingo ez bagenu bezala tratatzeaz (ez, ez da eta lixto!) eta berdinarekin jarraitzeaz, serio hartuak ez izateaz, ondo pasatzen ari garenean besteentzako ari bagina bezala ulertzeaz (besteen desira piztu eta asetzeko), bultzatuak edo joak izateaz, jai guneetan espaziorik gabe geratzeaz, erasotzen gaituztenean epaituak izan eta denaren errudun eginarazteaz, bortxatuak izateaz.
Emakumeen aurkako biolentzia gure askatasuna muga­tzen jarraitzeko arma da eta aske bizi nahi dugu. Sagardotegi garaia gustukoa dugu, festa ere, lasai ibili nahi dugu gauez kaleetan zehar, edonon! Hori dela eta,
MANIFESTAZIOA,
nazkatuta gaudela eta eremu guztietan, baita jai giroan ere aske bizi nahi dugula adierazi nahi dugulako, autodefentsa feministari ekingo diogula lau haizetara zabaldu nahi dugulako.
OKUPAZIOA,
gureak ere badiren espazio, giro eta orduak (jai giroa, jai guneak, gaua) bereganatuko ditugulako, hartuko ditugulako. Beldurraren monopolioa hautsi egingo dugulako honen jabe eginez. Iruñean 2014ko uztailaren 4ean aldarrikatu zuten bezala, beldurrez bizitzera eta biktimak izatera konformatuko ez garelako, defendatzen badakigulako, amorrua adierazten badakigulako, martxoak 14ean beldurrak beste leku bat hartuko duelako.
Emakumeok protagonismoa izango dugun manifestazioa izatea nahi dugu, gizonak etor daitezke baina protagonismoa ez dute beraiek izango, bigarren planoan egongo dira.
Azkenik, eraso guztiez nazkatuta dauden leku, jatorri, adin ezberdinetako emakume guztiak gonbidatu nahi ditugu Hernaniko kaleetan barrena haien amorrua adieraztera. Jantzi zaitez beltzez eta presta zaitez kaleak, gauak gureak egiteko!
ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE! EKIN AUTODEFENTSA FEMINISTARI! GORA BORROKA FEMINISTA!

Etiquetak: