“Ametsen liburua” aurkezpena Hondarribian

Non: 
Kultur etxea
Data: 
Osteguna, Apirila 7, 2016 - 19:30

Laurehundik gora preso eta erbesteratuen testigantzak jasotzen dituen Ametsen liburua aurkeztuko da datorren ostegunean, apirilak 7, arratsaldeko 19.30etan Alde Zaharreko Kultur etxeko 103 gelan.

Aurkezpenean Alfontso Etxegarai deportatuaren, Mertxe Txibite presoaren eta Joseba Sarrionandia iheslariaren testigantzak izango dira.

«Askatasun gabetuek zer dute amets?» galdetuz, duela urte eta erdi abiatutako argitalpen egitasmoaren helmuga da Ametsen liburua.

Galdera hori zuzendu zien Donostiako Astero argitaletxeak artean espetxean zeuden ia bostehun preso politikori eta euren bizitzan espetxea edo erbestea edo deportazioa ezagutu duten, edo oraindik bizi duten, ehunka gizonezko eta emakumeri. Bi milatik gorari eman zitzaien egitasmoaren berri, orrialde batean euren ametsak eurek nahi zuten moduan ezartzea proposatuz: eskutitzez, poema edo bertsotan, marrazki bitartez... Euskal artista entzutetsu mordoska bati ere proposatu zitzaien egitasmoan parte hartzea.

Horren guztiaren emaitza da argitaratu eta kaleratu den “Ametsen liburua”; 960 orrialdeko obra bakuna da, orrialde koloretsuz eta ilustrazio bikainarekin osatua, txukun enkoadernatua, espetxeetan eta erbestean egindako argazkiekin, euren bizitzan erbestea edo espetxea ezagutu dutenen edo oraindik han daudenen laurehun inguru testigantza intimorekin, eta berrogeitik gora euskal artista ezagunen lanekin. Ekarpenak jaso ziren moduan agertzen dira; beraien ahotsa eta irudia dira.

Zinez ikusgarria da emaitza, eta garrantzia handikoa garai baten memoria gordetzeko. Altxor eder bat gaurko belaunaldiarentzat eta ondorengoentzat. Benetan gomendagarria.

Etiquetak: