Bertso-ibilaldia: Joxe Mari Lopetegirekin kalerik-kale

Non: 
Irungo udaletxea
Data: 
Ostirala, Ekaina 10, 2016 - 18:30

Bertso-tailerrak bertso-ibilaldia antolatu du ekainaren 10erako. Gaia, Joxe Mari Lopetegi bertsolaria. Arratsaldeko 18:30etarako egin dute lehendabiziko deialdia, Irungo herriko etxean (bigarren deialdia 19:00etan, Irungo Atsegiñan, berandu datozenak batu daitezen), eta hona bertso-tailerrekoek proposatu duten ibilaldia: herriko etxea, Atsegiña, EKT, Deportivo taberna,”Lopetegi-etxeak” (Erlaitz kalea) eta Santiago kaleko 1.goa (Joxe Mariren jaiotetxea). Sei toki hauek, besteak beste, garrantzia berezia izan zuten Joxe Mari Lopetegiren obran eta bizitzan, eta bakoitzean bertso-sorta bat kantatzea proposatuko dute tailerrekoek, eta eurak arduratuko dira, gainera, bertso sorta horiek denboran eta testuinguru historikoan kokatzeaz, bertaratutakoek Joxe Mari Lopetegiren hainbat aspektu ezagutu ditzaten.

Bertso-tailerrekoek animatu egin nahi dute jendea bertso-kalejira honetara, eta, batez ere, proposatutako geldiuneetan bertsoak kantatzera. Izan ere, bertso-paperak banatuko dizkiote jendeari, eurekin batera kanta dezaten.

Hainbatetan bezala, bertso-tailerrekoek Auntxa trikitixa eskolako ikasle-irakasleak izango dituzte lagun, bi elkarte hauen arteko hartu-eman onaren seinale. Irunabarretik ez gara sekula aspertuko Iñaki Aranaga eta haren ikasleek egiten duten lana eskertzen. Bejondaiela!

Etiquetak: