Erraustegiaren aurkako eta birziklatzearen aldeko manifestazioa larunbat hontan Hondarribian

Non: 
Hondarribiako Butroi pasealeku amaieratik
Data: 
Larunbata, Otsaila 4, 2017 - 12:30

Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta duela 12 urte Txingudin eraiki nahi zuten erraustegiaren aurka mobilizatu ziren herritarrek manifestazioa deitu dute larunbat honetarako Hondarribian.

Gonbidapen berezia egin diete orain arte erraustegi proiektua herritik hurbil tokatu eta borroka egin duten taldeei (Arritzeta, Landarbaso, Ereñotzu, Hernani, Urnieta...) eta egun zabortegien aurka ari diren Ormaiztegi, Mutiloa eta Gabiriari: "Borroka berdinean gaude eta elkar lagundu behar dugu".

Manifestazioa Hondarribiako Butron pasealekutik abiatuko da, 12:30etan. Deitzaileek erraustegiaren aurkako manifestazioa baliatu nahi dute Hondarribia eta Irungo Udalei gaikako bilketan pauso eraginkorrak berehala emateko eskatzeko, haien hitzetan, "ulertzen oso zaila baita Txingudin pertsona bakoitzak urtean 264 kilo zabor zabortegira bidaltzen dituen bitartean, Debagoienan 80 kilo eta Tolosaldean 100 kilo bideratzen dituztela".

Gogoratu dute Europako legeen arabera 2020an derrigorrezkoa izango dela materia organikoa gaika biltzea. Eta erraustegiaren beharrik ez dagoela aldarrikatu dute bidalitako prentsa oharrean: "Etxeko lanak denok ondo egiten ditugunean, Gipuzkoan urtean sortzen diren 155.000 tona errefus 50.000 tona bihurtuko dira. Hau tratatzeko 200.000 tona erretzeko gaitasuna duen eta 1.000 milioi euro baino gehiago kostako zaigun erraustegia eraikitzea burugabekeria da. Badira eta aurkeztuta daude errefusa tratatzeko modu osasungarriagoak eta merkeagoak".

Etiquetak: