Manifestazioa: Zuen turismoa, gazteon miseria! - Herria bizirik - Postalen atzean bagara

Non: 
Donostiako Bulebarra
Data: 
Osteguna, Abuztua 17, 2017 - 17:30

Ernai.- Donostia hiri turistikoa izan omen da aspalditik, beti entzun izan dugu hori. Antza, Espainiako Maria Cristina hona etortzen zen veraneante, eta hor omen du jatorria Donostiarekiko interes turistikoak; baita haren esplotazioak ere. Azken urteetan, ordea, hiriaren eraldaketa abiada bizian eman da. Turismoaren presentziak modu basatian gora egin du, eta hiriaren erdigunea hartu. Erdigunea hartzea diogunean, zentzu guztietan diogu. Herritarron beharrak ertzetara desterratu dizkigute, eta hiriko engranajean dugun papera turisten zerbitzura aritzea besterik ez da. Donostian turistentzako jolas-parke iraunkorra eraiki digute, langileon bizkar gainean eraiki ere.

Udan, gainera, egoerak muturrera egiten du. Turista kopuruak gora egiten du nabarmen, eta horrekin batera, baita gazteon prekarizazio mailak ere. Esan beharrik ez baitago, gazteok garela, kapitalismoak turismoaren forma hartzen duen honetan, sufritzen lehenak. Donostian jasaten ari garena ez baita urtaro kontua, kapitalismoa baizik.

Udan turismoaren denboraldi altuarekin batera, prekarietatearen denboraldi altua inauguratzen da gazteontzat, urtetik urtera bortitzagoa. Eta zein da guzti honetan gazteon lana? Izozkiak saldu xox batzuen truke, tabernan aritu ordu txikietan eta kontraturik gabe, museoetan denboraldi baterako azafata-lanak, sukalde estuetako pintxe, hoteletan garbitzaile, dendari eta beste mila ezkutuko lan. Hori dena, haien postalak sostengatzeko. Gazteok ez dugu tokirik haien Donostia inpolutuan, ordenatuan, luxuzkoan; ez dugu tokirik, gure lan-eskua baldintza negargarrietan saltzeko ez bada.

Ez dugu tokirik turisten erdaraz bakarrik hitz egin daitekeen Donostian. Ez dugu tokirik etxebizitzaren prezioa aberatsenen eskura bakarrik dagoen Donostian, turistentzako etxebizitzekin espekulatzen den hiri honetan. Ez dugu tokirik Kortxoenea gabeko Donostian, saltzen den kulturarenean. Ez dugu tokirik, sangria eta beroaren izenean jarrera sexisten areagotzea jasan behar badugu. Ez dugu tokirik gentrifikazioaren Donostian, auzorik gabeko hirian, jai herrikorik gabekoan; zezenketen Donostian. Ezta Amancio Ortegaren Donostian ere. Ez dugu izaterik bizitzako aspektu guztiak prekarizatzen dizkigun Donostia honetan.

Baina ez gaude prest hau jasaten jarraitzeko. Jakin baitakigu, egoera honek kapitalismoaren estrategia zehatz bati erantzuten diola, eta gainera, erantzule zuzenak dituela. Aberasten diren multinazionalak, hotelak, ostalari mafiosoak, eta nola ez, basakeria guzti hau Udaletik babestu eta sustatzen duen PNV-PSOE-PP aliantza. Nazkatuta gaude, eta zuenak egin du!

Turismo eredu honen aurka egingo dugu gazteok, eta herritarron Donostia berri baten alde. Postalen atzean bagarelako. Horregatik, Aste Nagusian manifestazioa egingo dugu, abuztuaren 17an, Donostia bizirik behar dugulako, Herria bizirik dagoelako!

Zuen turismoa, gazteon miseria!

Herria bizirik.

Postalen atzean bagara

Etiquetak: