AEB: Ez gorrotorik, ez beldurrik

Non: 
Urdanibia plaza
Data: 
Larunbata, Ekaina 17, 2017 - 19:30

Urte honen hasieratik, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidente izendatu zutenetik, Amnesty Internationaleko Espainiako Atala lanean aritu da “Abegitsua naiz” izeneko kanpaina globalaren baitan, helburutzat harturik AEBko gobernuari helaraztea gorrotoaren erretorikak eta errefuxiatuen egoerarekiko erantzunak sorrarazitako kezkak.

Trumpek errefuxiatuen eta migrazioaren gainean emandako azken aginduak, “muslim ban” izenekoak, berariaz debekatzen die herrialderako sarrera gehiengo musulmana duten 6 estatu hauetako pertsonei: Iran, Libia, Siria, Somalia, Sudan eta Yemen. Horrez gainera, aginduan aurreikusita dago beste estatu batzuetako pertsonak berrasentatzeko programa 4 hilabetez etetea, prozedurak berrikusteko, eta horrek segurtasunik eza eragin du, eta ziurgabetasuna erantsi dio berez nahiko konplexua den prozesuari. Gainera, agindu horren arabera, AEBk 50.000 errefuxiatu hartuko ditu, gehienez, 2017an, hau da, Barack Obamaren gobernuak agindutako kopuruaren erdia.

Trumpen administrazioak neurri horien helburua herrialdea terroristen erasoetatik babestea dela adierazi badu ere, ez dago errefuxiatuek ekintza terroristak egiteko arriskua beste edozein herritarrek egitekoa baino handiagoa dela berresten duen inolako daturik, errefuxiatu horiek musulmanak izan ala ez. Ildo horretan, presidentetza lortzeko kanpaina hasi zuenetik, Trumpek behin baino gehiagotan jo ditu “gaizkiletzat eta bortxatzailetzat” migratzaileak eta asilo-eskatzaileak, bereziki Mexikotik eta Erdialdeko Amerikatik iritsitakoak.

Gizarte estatubatuarrari beldurraren erretorikaren aurka gaudela adierazteko unea iritsi da, eta, horretarako, gure babesa adierazi nahi diegu AEBn Donald Trumpen politiken aurka mobilizatzen ari diren taldeei. Hori dela-eta, Amnesty Internationaleko Irungo taldeko kideok elkarretaratze bat antolatu dugu ekainaren 17rako. Urdanibia plazan bilduko gara, 19:30ean, geu ere gorrotoaren politikaren aurka gaudela agertzeko. Errefuxiatuen aldeko mezuak dituzten pankartak eramango ditugu, eta gure argazkiak AEBko Kongresura bidaliko den txosten bati erantsiko zaizkio. Gogoratu beharra dago une honetan epai judizial batek Trumpen agindua bertan behera utzi badu ere Kongresuak bakarrik geldiaraz ditzakeela presidentearen politikak.

Zuen laguntza behar dugu, errefuxiatuen aldeko babesa eta diskriminazioaren kontrako jarrera mundu osoan barrena zabalduta daudela erakusteko. Eta ez galdu Skola Musikeko TALKA taldearen batukada, gurekin izango baita ekintzak iraun bitartean. Zain izango gaituzue!

Etiquetak: