Xanti Zabala “Lexo” bertsolariaren aldeko kantaldi-omenaldia

Non: 
Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean
Data: 
Larunbata, Martxoa 16, 2019 - 19:00

Kantaldi formatuan egingo dio omenaldia Txingudiko bertso eskolak Xanti Zabala “Lexo” bertsolari handia zenari. Martxoaren 16an izango da emanaldia, Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean, eta dohainik izango da sarrera. 18:30ean zabalduko dira ateak, eta 19:00etan hasiko da ekitaldia.

Gaztetan ekin zion Lexok bertso lanari, eta hainbat sariketa eta txapelketatan hartu zuen parte. Zepai Saria irabazitakoa, 1967ko Gipuzkoako finalean ere kantatu zuen, besteak beste. Eta bertso jarritan ere sekulako altxorra, animaleko ondarea utzita zendu zen Xanti, 2012ko martxoan. Bere obra idatziaren zati handi bat txukun asko jasota dago Udaberriz izeneko Auspoa bildumako 325. liburukian, eta baita bat-batean kantatutako hainbat bertso ere, liburuak KDa baitakar barruan. Liburuaren koordinazio lanak eta iruzkinak Nikolas Aldaik eginak dira, eta Pello Esnalen hitzaurrea darama. Liburu horretatik beretik hautatu dituzte bertso tailerreko kideek kantaldian kantatuko dituzten bertso-sorta guztiak, hautaketa egitea galanki kosta bazaie ere.

Donostiako hainbat lagunekin bildu ohi zen Xanti bere zaletasunik handiena zuenari eusteko, eta 2008 eta 2012 urteen bitartean Txingudiko bertso eskolara ere etortzen hasi zen, bat-bateko taldean aritzera. Abel Zabala, Xantiren seme gazteena, Txingudiko bertso eskolako kide da, eta Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko eragile. Aita-semeek makina bat bertso kantatu zituzten elkarrekin, beraz, denbora tarte horretan. Baina bertso eskolako kide guztiekin zuen Xantik hartu-eman bikaina, eta hortik bertso eskolako kideek kantaldiari aitortzen dioten garrantzia. Bertsolaria omenduko dute, obrari aitortza egin, baina batez ere, berak idatzitako bertsoak mimoz musikatu eta kantatuz oroitu nahi dute laguna.

Orain hiru urte, 2016ko urriaren 22an, hain zuzen ere, Joxe Mari Lopetegiren aldeko kantaldi omenaldia antolatu zuten Txingudiko bertso eskolako bertso tailerreko kideek. Eta kantaldi harekiko lanak amaitu bezain laster ekin zioten Xanti Zabala “Lexo”ren aldekoa antolatzeari. Bertso tailerreko lagunek Lopetegi omendu zuteneko hainbat kantari eta musikariren laguntza jasoko dute honakoan ere: Auntxa Trikitixa Eskolako irakasle eta ikasleak, Irungo eta Hondarribiko Musika Eskoletako hainbat irakasle eta ikasle, eta beste hainbat musikari, kantari, bertsolari eta lagun.

40 lagun ingururen artean burutuko dituzte emanaldiko oholtza gaineko lanak. Eta Joxan Elosegi idazle eta itzultzaileak hartuko du bertso sortei buruzko iruzkinak egin eta kantaldia aurkezteko ardura. Bertso tailerreko kideek emanaldi hunkigarri bezain ederra espero dute. Ziur daude egindako bertso-sorten hautaketarekin, eta oso pozik kantari, musikari eta lagunek bertsoak musikatzeko eta oholtzaratzeko egiten ari diren lanarekin. Martxoaren 16a iristeko irrikitan daude dagoeneko bertso eskolako kideak, eta gonbidapena egin nahi diete eskualdeko bertsozale guztiei kantaldia entzutera Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumera etor daitezen, ezustez betetako kantaldia izango delako.

Bertso Tailerreko kideek Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren eta Hondarribiko Udalaren laguntza jaso du kantaldia aurrera ateratzeko.

Anima zaitezte, eta hurbildu Xanti Zabala “Lexo” bertsolari handiaren omenez prestatu dugun kantaldira.

Irunabar (Irungo Bertsoaren Bilgunea)

Etiquetak: