Moito patron, pouco mariñeiro

ELA eta LAB sindikatuak.- Fundación AZTI – AZTI Fundazioa Euskadin erreferentziazko erakundea da ozeanografi, arrantza eta elikagaien ikerketan. AZTI-SIO izenarekin, eta izaera publikoa gordez, “Servicio de Investigación Oceanográfica”ren (SIO) eta “Arrantzarekiko Zientzia eta Teknologia Iraskundea”ren (AZTI) bat-egitearen ondorioz sortu zen. 1994.ean AZTI izena hartu zuen.

Eusko Jaurlaritzak erakundea pribatizatzea erabaki zuen 1997. urtean, Fundación AZTI – AZTI Fundazioa sortuz, itsasoaren eta elikagaien ikerketari bideratutako irabazi asmorik gabeko erakunde pribatua. Fundazio hau Eusko Jaurlaritza kide nagusi zen patronatu batek zuzentzen zuen. Hala, kontrola eta boterea mantentzen zituen, baina administrazioa konprometitu gabe. Gaur egun, arrantza-sektoreari patronatuko bi leku utzi ondoren eta kide berrien sarrerarekin, erakundearen kontrol publikoa lausotu egin da, nahiz eta egoitza nagusia eraikuntza publiko batean dagoen eta sorreran kide pribatuek 10 milioi pezeta bakarrik eman zituzten, Eusko Jaurlaritzak 270 eta AZTIk 384 jarri zituztenean.

2011.az gero langileen soldatak izozturik daude, nahiz eta urte guztiak, bat izan ezik, Fundazioaren emaitza ekonomikoak positiboak izan diren. Zuzendaritzak erakundearen jasangarritasuna erabili du neurria justifikatzeko arrazoitzat, eta hala onartu dute langileek krisiaren urteetan indarrean egon den hitzarmen kolektiboan. Gaur egun, enpresaren emaitzek eta aurreikuspen makroekonomikoek susperraldi bat erakusten dute. Hala ere, Zuzendaritzak ez du hori langileen baldintzen hobetze batean isladatu nahi.

Urtebete luzez hitzarmen berria negoziatzen aritu ondoren, orain etenik dago negoziazioa Zuzendaritzak soldatak KPIaren arabera eguneratzea ez duelako onartzen. Aldi berean, erakunde txiki/ertain honetan dagoen goi-karguen ratioak (10 goi-kargudun 230 langileentzat) ez du parerik EAEko erakundeen artean. Gainera, azken urteotan, Fundazioak hainbat enpresatan inbertitu du, horietako batzuk zalantzazko errentagarritasuna zutenak edo defizitarioak. Beraz, AZTI Fundazioko langileek sortzen dituzten irabazien xedea eztabaidagarria behintzat bada. Ez da dirurik egon erosteko ahalmena mantentzeko, baina bai zalantzazko enpresa-abenturetarako eta neurriz gaindiko goi-kargudun kopurua mantentzeko.

Konpromiso, motibazio, parte-hartze, bikaintasun eta ardura bezalako hitzek betetzen dituzte Zuzendaritzaren aurkezpen eta hitzaldiak, baina bere erabakietan ez dira agertzen esker on eta sustapen ekintzak. Izan ere, AZTIra sartu zirenetik inolako sustapenik izan ez duen hainbat langile dago (askok 10 urte baino gehiago daramate lanean), nahiz eta beraien lanbide-kategoriarekin bat ez datozen lanak egin eta ardurak hartzen dituzten. Askotan lan bajak beteko dituen ordezkorik ez da hartzen eta, zoritxarrez, lan-gainkargak ohikoegiak dira.

AZTIko langileok errespetu gehiago eskatzen dugu, eta gure gaitasuna eta ahaleginak aintzat hartzea, erosteko ahalmena eta lan-baldintza duinak ziurtatuko dizkigun hitzarmen baten sinaketaren bidez. Ikerketa-zentro honetan akordio bat eskatzen dugu, soldata apalak, prekarizazioa, behin-behinekotasuna eta bermerik eza oinarri dituen zientzia eta ikerketa sistema bat iraunaraziko ez duena.

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.