Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) onartu du Hondarribiko Udalak

Hondarribiko EH Bildu.- Hondarribiko udalak atzo burututako Osoko Bilkuran HAPOa onartu zuen.  Agian, Hondarribiko EAJk onartu zuen esatea argiago legoke, berek bakarrik izan baitziren aldeko botoa eman zutenak. EH Bilduk eta AAk aurka bozkatu zuten, eta PSE eta PP abstenitu egin ziren.

HAPOak ikaragarrizko garrantzia du udalerri batentzako; esan daiteke udal batek har dezakeen erabaki garrantzitsuena dela, hurrengo urteetan herria nola egituratuko den planifikatzen baitu ‒12 urteetarako aurreikusia da, baina 20 urte indarrean egongo da, gutxienez‒. Udalak 2005ean esleitu zuen HAPOaren kontratua, 420.000,- Eurotan; 2008an berritu egin zen, eta 195.000,- Euro gehitu Aitor Kerejeta alkate zela, 2016an, Txomin Sagarzazurekin, beste 125.000,- Euro gehitu zaizkio; beraz, denera, 740.000,- Euro. Herri-kontuen Euskal Epaitegiak honela zioen 2016ko uztailean egindako txostenean “Honenbestez, hasiera batean esleitutako zenbatekoarekiko % 76 igo da kontratua, bai xedea bai bolumen ekonomikoa desitxuratzen duena”.

Hau guztia ikusita, larria da alderdi bakar baten bozekin onartzea, beste alderdi batzuen iritziak kontuan ez hartzea, finean, honelako gai garrantzitsu batean ere, EAJk arrabola pasatzea.

Dena dela, gure aurkako bozaren zergatia argitzea bidezkoa dela deritzogu, gure boto-emaileei eta hiritar guztiei zor baitiegu, eta horretan ahaleginduko gara hurrengo lerrootan.

Hasteko, esango dugu kritika zorrotza egin dugula euskarari eman zaion tratamenduarekin, ia dokumentu guztiak gaztelania hutsean bidali zaizkigu ‒nahiz eta kontratuan esan euskaraz ere egin behar direla‒, orain, Hondarribiko udalean, modan jarri da lehen gaztelaniaz bidaltzea, eta handik egun batzuetara euskaraz; beste batzuetan, hori ere ez.

Gure interbentzioaren hasiera-hasieratik,  esan genuen  HAPOaren onartzeari ezezko borobila emango geniola, eta gure arrazoiak, besteak beste, honako hauek izan ziren:

   - Parte-hartze prozesua ez delako legeak agintzen duen bezala garatu. Osatu da udal plangintzako aholku batzordea, baita burutu ere hainbat saio informatibo. Baina ez da, ez aurreikusi, ez osatu, ezta idatzi ere, legeak eskatzen duen parte-hartze programa; Udal gobernuak  jendearen parte hartzeari dion nagikeria erakutsi du, eta ez gai honetan bakarrik, orokorrean baizik.

   - HAPO honek bere baitan jasotzen duen hirigintza eta herri ereduek Hondarribiko EH Bilduk defendatzen duen Herri, ekonomia eta jendarte ereduekin, bete betean, talka egiten dutelako. Plan honek ikuspegi integral eta orekatu bat eskaini beharrean, hiru ekonomia-sektoreentzako garapen orekatu eskaini beharrean, luxuzko bigarren  etxebizitzen merkatu espekulatiboan jartzen du  Basako izeneko eremua espekulatzaileen esku uzten du, aberatsei aberatsago izateko aukera garbiak emanez. Basakon eraiki nahi diren etxeak bigarren etxea eduki dezaketen gutxiengoari begira pentsatuta daude, horrek suposatzen duen urtaro-okupazioarekin, populazio segregazioarekin eta sakabanatze urbanistikoarekin (mugikortasunerako arazoak, kotxearen erabilera bultzatzea), ehundura soziala desegiten lagunduz, identitateari eta euskarari kalte eginez…
   
   - Basako justifikatzeko, Tudelenean eraikiko diren babes sozialeko etxeak azenario moduan jartzen digute, bai baitakigu aurreko plan orokorraren babes sozialeko etxeen erdiak ere ez direla egin, eta ez direla egingo. Badakigulako baita ere, herrian, mila etxe huts baino gehiago daudela eta ez dagoela inongo plan zehatzik, ezta borondaterik ere, horiek alokairu sozialean ateratzeko, nahiz eta jakin hau eginez gero, etxe berririk eraikitzeko beharrik ez zela izango. Gainera, 2/2006 Lurzoru legeko 3. artikuluan jasotzen den Garapen Iraunkorraren Printzipioaren aurka doa. Nekazaritza eta Basogintza Lurralde Plan Sektorialak balio estrategiko handiko zoru bezala definitzen du Tudelenea, eta han bertan kokatu nahi da bizitegi-garapen operaziorik handiena, errepidearen muga psikologikoa hautsiz eta etorkizunerako espekulaziorako eremu berriak irekiz.
    
   - Plan honekin errazena egin duzuelako, bakarrik turismoaren garapenari begira egindako plana delako, lehen sektoreari, industriari eta sektoreen arteko orekari muzin eginez.  Turismoak alde negatibo asko dakar berarekin. Ekar lezakeen dirua gutxi batzuen eskutan gelditzen da; kalea plaza izateari uzten dio, eta terraza erraldoi, jarraitu eta garestia bihurtzen da, eta gainerako populazioarentzat masifikazioa, gentrifikazioa (alokairuen prezioak edo bertan bizitzeko kostuak igotzea…), eta zenbait herritarrentzat migrazioa ere ekartzen du.  Hondarribiak Plan honekin ez du aukerarik.
 
   - Plan honek euskarari kalte egiten dio. Ideia hau Anjel Lertxundik guk baino askoz hobeto azaltzen du testu honetan: ”Gure lurraldeak iragan hurbilean izandako aldaketa linguistikoak jartzen badira, paper garden baten gisa, aldaketa urbanistikoen kartografiaren gainean, itsua behar da ez ikusteko bataren eta bestearen arteko loturak, kointzidentziak, eraginak. Urbanismoa ozen mintzatzen da; aldez edo moldez, aldaketek islatu egiten dute hainbat hamarkadetako eraikuntza kontrol gabeak ekarri duen hondamendi linguistikoa. Arkitektoak, urbanistak, politikariak, hiztunak dira, beren ideiak dituzte hizkuntzen arteko harremanei buruz. Horrek zer eragin du beren lanean? Ekosistema linguistikoari ekartzen dion hondamendia ez aintzat hartze hutsa zergatik ez da delitu, delitu den gisa fabrika bateko isurkariekin inguru naturala hondatu izana?”.
 
   - Paisaia, denon ondare den hori, etekin ekonomiko argudio bakarrarekin suntsitzen duelako. John Bergeren hitzetan: ”Indarkeria kapitalista isilak lanak eta gorputzak ahantzarazten ditu, salgai ez den oro baztertuz”.
   
   - Arlo legalean ere jarri nahi dugu arreta: gure informazioen arabera, EAELAB-COTPVk egindako txostena loteslea da. Idazkariak eta Arkitektoak egindako aldeko txostenak kontrakoa esaten badute ere, ilegala da gaurko onarpena zenbaitzuen iritziz. Idatzi dituztenen ardura dira txostenen edukiak, botoaren ardura politikari bakoitzarena den bezala. Horrexegatik, eta norberaren inplikazio maila erakustearren, bozketa nominala izatea eskatzen dugu Udalbatza honen aurrean. (EAJk ez zuen onartu bozka nominala egitea)
   
   - Bukatzeko, HAPO honi gure ezezko borobila emateko ditugun beste arrazoi batzuek ere ez dugu albora utzi nahi, eta horien artean zalantza handiak sortzen dizkigun Zaldunborda Gainako proiektua da.
    
   - Egia da proiektu hori ez dela gaur hemen eztabaidatzen, baina egia da ere, HAPO honen onarpenak eremu horren bilakaera erabat baldintzatzen duela.
 
   - Harrigarria egiten zaigu ikusteak 2015eko urriaren 29an egindako Osoko Bilkuran, Plan Orokorra 2016ko martxoan onartuko zela esan zuen Alkate jaunak, 2017ko ekainean gaude.
 
   - Harrigarria da, baita ere, 2016ko Martxoaren 9an Hondarribia Lantzen egindako bileran Altuna Jaunak adierazten duela “eskaintza pribatuak jaso direla” Nola liteke lur horiek landa-lurrak izanik eskaintza pribatuak jasotzea?
   
   - Ez dugu, inolaz ere, pentsatu nahi proiektu hori aurrera ateratzeko presak zer ikusia izan zezaketenik lotutako enpresa horietako baten Zuzendari Orokorra Aitor Kerejeta Cid jauna izatea, edo operazioarekin harremana duten enpresa horien artean, batzuk EAJrekin loturak izatea, prentsan azaldu den bezala, eta Bilbon zenbait “pelotazo “ urbanistikoko protagonistak izan direnak.

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.