Bidasoaldeko Lagunak Plaiaundin dauden atletismo-pistaren eta errugbi-zelaiaren kokapen berriaren proposamenaren aurrean

Berriki, prentsan, ikusi dugu Irungo udal oposizioko lau taldeetatik hiruk –SPI, EAJ-PNV eta EH Bildu– beren desberdintasun ideologikoak alde batera utzi eta elkarrekin lan egin dutela Plaiaundin dauden kirol-instalazioak birkokatzeko gaia mugitzeko eta behin betiko irtenbide bat bilatzeko.

Aurkeztutako proposamen landuak, aukeratutako tokiaren ezaugarriek eta egun udaletxean dauden indarren korrelazioak baikortasunaren eta itxaropenaren atea zabaltzen digute; izan ere, badirudi, bi hamarkada baino gehiagoren ondoren, Txingudiko Plaiaundiko eremuak bere leheneratze-prozesua amaitu eta Bidasoaren estuarioko alde honen kontserbazio-baldintzak bete ahal izango dituela, Natura 2000 sare europar gisa gune hori kudeatzeko konprometitutako jarduketen eta neurrien arabera.

Espazioa okupatzen dutelako eta perturbazioak sortzen dituztelako, kirol-instalazio horiek Plaiaundiren bihotzean egotea argi eta garbi bateraezina da han dauden habitaten eta espezieen kontserbazioarekin; ez dugu ahaztu behar Txingudiko hezegunea KBE (Kontserbazio bereziko Eremua) eta HBEB (Hegaztiak Babesteko Eremu Berezia) dela, eta horrez gain, RAMSAR hitzarmenaren Nazioarteko Hezegune Garrantzitsuen Zerrendan dagoela.

Bene-benetan nahi dugu proposamen hau ondoz ondoko udal gobernuetan hainbeste falta izan den benetako aldaketa bat izan dadila borondate politikoan, eta instalazio berriak eraikitzeko beharrezkoak diren tramiteak ahalik eta azkarren egin daitezela Txingudiko leku ekologiko sentikorrenetako honen gainean egungo instalazioek duten eragin negatiboak desagerrarazteko.

Bidasoaldeko Lagunak

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.